euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraldia euskal etxeetan: Ariguneak Argentina, Uruguai... mota askotako ekintzak Londrestik Mexikoraino

2020/11/25

San Nicolaseko eta Montevideoko Ariguneak
San Nicolaseko eta Montevideoko Ariguneak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko gonbitea zabaldua da munduko euskal gizatalde eta euskaldunen artean eta oso erantzun ona izan du bateko eta besteko euskal etxeetan. Elkarte asko ari dira beren hari koskorra ekartzen –frangok islatu dute euren atxikimendua sare sozialetan– eta ekintzak abenduaren 4ra arte luzatuko dira, sarritan Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak ere bilduz.

Ariketa soziolinguistikoari tartea emateko, bi Arigune antolatu zituzten Argentinan eta Uruguain. Argentinan, San Nicolaseko Euskal Etxeak egin zuen deialdia eta Argentina, Uruguai eta Euskal Herriko aho biziek eta belarri prestek hartu zuten parte. Bego Tisera euskara irakasleak egin zuen aurkezpena eta ‘Usoa eta inurria’ ipuina irakurri zuen. Topaketan irakurritakoari buruz mintzatu ziren eta amaiera emateko Euskal Herrian euskaraz abestu zuten.

'JHM-Jalgi hadi mundura' taldeak antolatu zuen beste Arigune bat. Partaideak, Uruguai, Argentina, Euskal Herria, Alemania, Ingalaterra eta Espainiakoak izan ziren. Euskaraldia eta honen inguruan bildutako lagunek izandako bizipenak eta gogoetak izan ziren azaroaren 21eko Zoomeko saioaren gaia. Informazio gehiago, hemen.

Datozen egunetarako hitzorduak:

-Londresen, bertako London Basque Society Euskal Elkarteak omenaldia egin nahi izan die euskaldundutakoei. Horretarako, elkartean ikasitako ikasle batzuek beraien esperientzia eta bizipenak kontatuko dituzte. Ekitaldia abenduaren 3an egingo da, arratsaldeko zazpietan, UK-ko orduan, Zoom plataforman. Parte hartzeko Zoom linka eskatu emailez eventslondonbasque@gmail.com helbidera, izen-abizenak eta nazionalitatea jarriz.
-Bartzelonako Euskal Etxeko ikasleek Universitat de Barcelonak eta Universitat Autònoma de Barcelonak antolatutako Mintzobira digitalean hartuko dute parte.
-Buenos Airesen, Euskal Echea Ikastetxeak egunero egingo du bat Euskaraldiarekin abenduaren 4ra arte, egunero hitz berriak eta euren esanahiak sareratzen. Hiriburuko Euskaltzaleak Euskaltegiak, berriz, Euskararen Eguna eta Euskaraldiaren amaiera abenduaren 4an ospatuko du, arratsaldeko 7etan, Zoom plataforman.
-Argentinako Cordoban, hiriko Gerora Euskal Elkarteak topaketa bat antolatu du abenduaren 5ean, mintza praktika egiteko. Topaketa, birtuala izango da eta urteko agiri digitalak banatuko dira bertan
-Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeko euskara taldeak bihar egingo duen Arigunera gonbidatzen du. Arratsaldeko 6etan, Zoom plataforman. Informazio gehiago, hemen.
-Mendozako Denak Bat-ek modalitate hibridoan ospatuko du. Eduki digitalak igoko dituzte sareetara abenduaren 3an, eta zozketa berezi bat (sari bereziekin) egingo dute. (oinarriak, laster eskuragai). Azaroaren 7an, eta udalaren baimena lortuz gero, zuzeneko kontzertua ere egingo dute Euskal Etxeko musikariek.
-Mexiko Hiriko Euskal Etxeak bat egingo du Euskaraldiarekin bihotza prest rola bultzatuz. ‘Bihotza prest’ lelopean Mexikon bizi diren euskaldunei Euskal Etxera hurbiltzeko gonbitea luzatu zaie

Baina hauek mundu osoan barrean egingo diren ekitaldietako batzuk baino ez dira. Zure euskal etxekoa ikusten ez baduzu, idatzi helbide honetara eta kontatu zer prestatu duzuen!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia