euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara eskolak eta gazte behartsuentzako sukaldaritza klaseak Sao Pauloko Anchieta Jauregian

2013/02/07

Eusko Brasildar Etxeko zuzendaritza kideak eta Kinku Zinkunegi HABEko teknikaria Restaurante Escola-ko ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea)
Eusko Brasildar Etxeko zuzendaritza kideak eta Kinku Zinkunegi HABEko teknikaria Restaurante Escola-ko ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea)

PUBLIZITATEA

Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak euskara eta kultura zabaltzeko hamaika ekimenekin ekingo dio martxoan aurtengo ikasturteari. Deigarrienetako bat Sao Pauloko Anchieta Jauregian emango diren euskara klaseak izango dira. Jauregia Sao Pauloko Udal Ganberaren egoitza da eta 20 bat funtzionarik ere hartuko dituzte eskolak. Horrez gain, jauregiko Escola Jatetxeko sukaldaritza ikasleek ere euskara ikasi ahal izango dute, euskal etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Casa Basco-Brasileira euskal etxeak euskara eskolak ematen dituen gune berri bat gehitu dio aurretik zeudenei (euskal etxea bera, Cora Coralina zentroa eta Casa de España delakoa). Horrela, aurtengo ikasturtean euskara klaseak emango dira Anchieta Jauregian, Sao Pauloko Udal Ganberaren egoitzan. Ikastaro honetan 60 ikasle berrik eta ganberako 20 funtzionarik hartuko dute parte, euskal etxeak azaldu duenez. 

Anchieta Jauregia 1969an eraiki zen eta Jose de Anchieta, misiolari eta Sao Pauloko sortzailearen izena du. Jauregi honetan dago Restaurante Escola izeneko jatetxe entzutetsua, baliabiderik gabeko gazteak kaletik atera eta sukaldaritzan trebatzen dituen ekimena. Trebakuntza burututa, gazte hauek sukaldaritza arloan lanean hasten dira; izan ere, azkenaldiak sektore honek eskari handia du Brasilen turismoak izan duen gorakadagatik. Nahi izanez gero, ikasle hauek ere hartu ahal izango dituzte euskara klaseak, Oskar Goitia euskal etxeko presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Sao Paulo Escola Palacio Anchieta

[Restaurante Escola zentroko ikasleak lanean, Casa Basco Brasileirako zuzendaritzako kideek eta HABEko teknikari Kinku Zinkunegik egin zuten bisitaldian (argazkia EuskoBrasildarEtxea)]

Mintzapraktika taldea

Iragan otsailaren 3an, HABEko teknikari Kinku Zinkunegik euskal etxea bisitatu zuen, eta Zuzendaritza Batzordeak euskara ikastaroen martxaren berri eman zion. Aipatu ikastaroez gain, euskal etxeak txikientzako talde bat eta mintzapraktika talde bat ere jarriko ditu aurten abian.

Elkarteko presidente Oskar Goitiak azaldu duenez, mintzapraktika taldea antolatu ahal izan dute azkenaldian elkartean sartu direlako euskaraz ondo egiten duten bazkide berri batzuk. Talde honi esker "euskal etxeak jauzi kualitatibo handia egin ahalko du gure bazkideen euskalduntze prozesuan", esan digu Goitiak.

Bestalde, elkartea oso pozik agertu da ere bertako bi bazkidek (Thiago Barros Pereira eta Madalena de Ataide) San Nicolaseko barnetegian parte hartu zutelako urtarrilean, euskal etxeko euskara irakasle bezala trebatzeko.



Komentarioak

  • Mintzanet

    Zorionak Oskar. Ideia oso ona!!! Gure askeneko proiektua www.mintzanet.net da. Zorte on! Parabéns Oscar. A idéia é ótima!!! Nos último projeto: www.mintzanet.net Muita sorte!

    Sabrina, 2013/02/07 16:47

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia