euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria erosi du Londoneko Sotheby's etxean 20.500 libera ordainduta

2008/01/15

Joanes Leizarragaren 'Testamendu Berria' liburua
Joanes Leizarragaren 'Testamendu Berria' liburua

PUBLIZITATEA

Joanes Leizarragarren 'Jesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria' Bibliaren euskarazko lehen bertsioa da eta 1571an argitaratu zen. Joan den azaroaren 28an Ingalaterrako Sotheby's enkante etxe ezagunak salgai jarri zuen baina ez zuen eroslerik izan. Euskaltzaindiak, baina, liburua eskuratzeko interes handia zuen eta enkante etxearekin akordio batera iritsita liburua 20.500 liberatan erosi du, atzo jakin arazi zuenez.
Joanes Leizarragaren 'Testamentu Berria', 1571 urtean argitaratua, Euskaltzaindiak aspaldidanik eskuratu nahi zuen liburuetako bat zen, euskal literaturaren lan klasikoetako bat delako. Joan den azaroan Sotheby's etxeak salgai jarri zuen aleak eroslerik lortu ez zuenean erakundeak abagune aproposa aurkitu zuen eta bi hilabeteko joan etorrien ostean 20.500 liberatan erosi ahal izan du (26.969 euro gutxi gora behera).

Lan hau euskaraz argitaratutako lehenengo Biblia da. Ezaugarri honi, gainera, euskaraz argitaratutako bigarren liburua ere badela gehitu behar zaio. Joanes Leizarraga apaizak prestatu zuen 'Testamentu Berria', Nafarroako Joana III.a Albretekoa erreginaren agindupean. Leizarraga 1506an jaio zen Beskoitzen (Lapurdi) eta hasieran apaiz katolikoa bazen ere Erreformaren garaian protestante egin zen. Baita Joana Albretekoa ere eta erreginak hiritarrek Biblia irakurtzeko aukera izan zezaten nahi zuenez latinetik euskarara itzultzeko agindua eman zuen. Leizarragari egotzi zitzaion ardura hori. Langintza horretan, euskara batu eta goi mailakoa erabiltzen saiatu zen.


Lotura interesgarriak

Euskaltzaindia
www.euskaltzaindia.net

Joanes Leizarragari buruzko informazio gehiago
Literaturaren Zubitegian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia