euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKulturak eta Sancho de Beurko Elkarteak blog batean zabalduko dituzte "Fighting Basques"eko ikerlanak

2021/05/25

Emakumeen Gorputzeko lehen mailako soldadu Cecilia Corcuera Berasategui, Erizain Gorputzeko koronel Maria Rementeria Llona (Boiseko euskal Museoaren politesia), Aire Indarren koronel John Etchemendy, marineen kabo Felix Ordoquihandy
Emakumeen Gorputzeko lehen mailako soldadu Cecilia Corcuera Berasategui, Erizain Gorputzeko koronel Maria Rementeria Llona (Boiseko euskal Museoaren politesia), Aire Indarren koronel John Etchemendy, marineen kabo Felix Ordoquihandy

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. EuskalKultura.eus bultzatzen duen Basque Heritage Elkarteak eta Sancho de Beurko Elkarteak lankidetza ildo bat adostu dute, izan ere Fighting Basques. Bigarren Mundu Gerrako Oroimena proiektu berritzaile eta originaleko emaitzak argitaratu eta zabaltzearren, arreta berezia ipiniz Estatu Batuetan, baina emendatuz Espainiako Gerra Zibileko Euskal Frenteari dagozkion informazio eta artikuluak.

EuskalKulturak bere blogetara gehituko du beraz Ecos de dos guerras: 1939-1945 izenekoa, gaztelaniaz, "hizkuntza honetan iritsiko baitzaizkigu postak", esan digu Joseba Etxarrik. "Honela egin ziguten proposamena, eta argi dugunez hain maila altuko ikerlan original eta berritzaileak ekarpena zaizkiola euskal kulturari, begi onez ikusi dugu geure erdal atalean sartzea. Euskal ekimena gara eta nahi genuke gure ardatza den euskarazko webgunean eman, baina datorren urtean proiektu osoarekin aurrera egin ahal izango dugun ala ez gauden honetan momentuko ezin dugu", iritzio dio. "Geure ahal murriztuek lan estrarik hartu gabe egiten uzten digutena baino ezin dugu egin", gehitu du.

Ecos de dos guerras: 1939-1945 blogak, Euskal Herrian jaiotako eta Ameriketako euskal jatorriko euskaldunek Bigarren Mundu Gerra garaian egindakoaren berri emango du gehienbat, Espainiako Gerla Zibileko Euskal Frenteko pasadizo ezezagunak ere tartekatuz. Pedro J. Oirzabal historialariak eta bere lankide Guillermo Tabernilla eta Josu M. Aguirregabiriak elikatuko dute bloga, askotan primizia izango diren datu, informazio eta ikerlan osoen aurrerapen eta emaitzak plazaratuz.

Lankidetza adostu duten bi elkarteok, Sancho de Beurko eta EuskalKultura.eus, biak dira irabazi asmorik gabeko elkarteak eta bokazioa eta euskal kulturari eta euskaldunei zerbitzatzeko konpromisoa partekatzen dute nabarmen. Komunean duten bitarteko urritasunari ilusioz, rigorez eta seriotasunez egindako lan eta dedikazioaz erantzuten diote. "Ohorea da Sancho de Beurkoko lagunen proiektu hau partekatzea", adierazi du Basque Heritage Elkarteko eta EuskalKultura.eus-eko arduradun den Joseba Etxarrik.

Fighting Basques ikerketa proiektua duela sei urte abiatu zen NABOko (Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioa) Memoria Bizia Ahozko Historia Programaren eta Sancho de Beurko Elkartearen eskutik. Egun ere segitzen duen ikerraldiak euskal jatorriko mila bat gizon eta emakume beterano atxeman ditu II. Mundu Gerrari lotuak orain arte arakatu dituen 44 estatuetan eta Puerto Ricon. Azkeneko estatuak falta zaizkio aztertzeko, baina hor ezusterik ere egon daiteke. Orotara mila eta berrehun beteranoetara hel daitezkeela pentsatzen dute aipatu euskal ikertzaileek.

Proiektu honen azken helburua "II. Mundu Gerrako Euskal Monumentu Nazional bat" sortzea litzateke, II. Mundu Gerran zerbitu zuten euskal jatorriko beterano guztien oroigarri iraunkor, belaunaldi gazteen hezibide, euskal-estatubatuar komunitateak bere historia eta ekarpenen berri izan eta aldarrikatu izan ahal dezan, AEBko historiari ekarria egin dioten beste komunitate handiago batzuk baino zenbaki apalagoan agian, baina duintasun eta engaiamendu maila berean.

Blog berriaren lehenengo artikulua datorren ostiralean argitaratuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia