euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Airean da berriz ere Rosarioko 'Euskaldun hitza' irratsaioa, bat eginez '100 bazkide berri Zazpirentzat' kanpainarekin

2021/05/25

2020ko etenaldia eta gero, apirilean hasi ziren berri Cristina Arregui, Luis Barrandeguy eta Luisa Churruca 'Palabra de Vasco' irratsaioarekin
2020ko etenaldia eta gero, apirilean hasi ziren berri Cristina Arregui, Luis Barrandeguy eta Luisa Churruca 'Palabra de Vasco' irratsaioarekin

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Koronabirusa dela eta, euskal etxeekin lotura duten ekintza gehienek etena izan zuten iaz eta Rosarion ‘Palabra de Vasco’ (Euskaldun Hitza) ez zen salbuespena izan. Hala ere, eta osasun baldintzak zertxobait hobetu direnean, Libertad Irratiko estudioetara itzuli dira Luis Maria Barrandeguy saioaren aurkezle historikoa eta bere lan taldea. Azken urte hauetan bezala, Cristina Arreguik eta Luisa Churrucak lagunduko diote Barrandeguy-ri programarekin, biak Rosarioko Emakume Abertzale Batza-ko kideak.

"Rosarioko Zazpirak Bat-en ahotsa" izateko jaio zen saioak atal bereizitua dauka Elkartearen berriak zabaltzeko. Eta atal horretan bertan azaldu zuen Barrandeguy-k bere azken programan Euskal Etxeak bazkide berriak lortzeko abian jarri duen kanpaina. ‘Palabra de Vasco’, gainera, haratago doa eta bazkide berri bakoitzari Rosarion hazten den Gernikako Haritzaren ezkur bat oparituko dio “etxean edo balkoian landa dezan".

Programaren gainerako atalei dagokienez, Euskal Herriari buruzko berriez gain euskal musika eta elkarrizketak ere partekatzen dituzte entzuleekin. Bilbotik Haritz Etxeberria sartzen da eta bere ekarria egiten du eta Onda Vasca irratiko eduki interesgarri batzuk ere aireratzen dituzte.

Gogora dezagun ‘Palabra de Vasco’ (Euskaldun Hitza) duela 18 urte dagoela airean eta astero emititzen duela, zuzenean astearteetan Rosarioko Libertad Irratiak eguerdiko ordu batetik ordu bietara, 1090 Khz frekuentzian. Irrati berak igandeetan errepikatzen du ordutegi berean. Interneten ere aurki daiteke, saio guztiak www.zazpirakbat.com webgunera igotzen dituztelako, bertatik noiznahi eta edonondik entzun ahal izateko



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia