euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek NABOren eskegiteko egutegiak zozketatuko ditu: email bat bidali eta eskuratu zeurea

2012/09/13

NABOren 2013rako egutegiaren azala
NABOren 2013rako egutegiaren azala

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-ek NABOk 2013rako argitaratu dituen hormarako sei egutegi zozketatuko ditu datorren astean bere irakurle eta lagunen artean. Parte hartzeko, nahikoa duzu gaur bertan email bat bidaltzea. "Celebrate + Educate = Perpetuate" lelopean ari da lanean Estatu Batuetako Renon 1973an jaio zen euskal etxe eta elkarteen biltzaile den erakunde hau, aurten, beraz 40 urte betetzen dituelarik. Horixe gogora ekartzen dute 2013rako osatu duten egutegian. Euskal Herriko eta Diasporako irudi koloredun ugari dakar egutegiak, baita euskal musikari eta kantarien berri ere. Zozketan parte hartzeko epea datorren asteazkenean, irailearen 19an bukatuko da eta emaitzak biharamunean jakin araziko ditugu.

Donostia-San Sebastian. Gaurtik aurrera posible da email soil bat bidaltzearekin NABOren 2013rako egutegiaren ale bat eskuratzea, etxean eta doan, EuskalKultura.com-ek eskegiteko diren egutegi horien sei ale zozketatuko baititu datorren astean bere irakurle eta lagunen artean. NABO erakundeak 40 urte betetzen dituela aipagai hartzen duen egutegia da datorren urtekoa; izan ere, 1973an Nevadako Renon sortutako erakundea da gaur egun Estatu Batuetako eta Kanadako 43 euskal etxe eta elkarte batzen dituen konfederazio edo koordikunde iparramerikarra (Mexikok sartzeko aukera du, baina orain artean ez du eskubide hori gauzatu).

Egutegiak hamabi argazki handi eta dotore biltzen ditu, bana hilabete bakoitzeko, bertan Euskal Herriko eta AEBetako Diasporako beste hainbeste irudi bildurik. Ingelesarekin batera, euskara dauka hizkuntza nagusi eta bi hizkuntza horietan agertzen dira esaterako, hizki handitan, hilabete bakoitzaren izena, nahiz eta aste-egunen izenak, adibidez, lau hizkuntzez, frantsesez eta gaztelaniaz baita ere, ere ezarriak datozen.

Donostiako Elkar-ekin hasitako lankidetza bat medio, hilabeteetako bakoitzak euskal kantari edo talde baten aipamena ere biltzen du, argazki, album bat eta biografia laburpen batekin. Hau da aurtengo hilabetez-hilabeteko musikarien selekzioa:

-Mikel Laboa
-Pantxoa eta Peio
-Kepa Junkera eta Julio Pereira
-Pier Paul Berzaitz
-Benito Lertxundi
-Jean Mixel Bedaxagar
-Imuntzo eta Beloki
-Erramun Martikorena
-Oskorri
-Lauroba
-Anje Duhalde
-Olatz Zugasti.

Zozketan parte hartzeko

Zozketan parte hartzeko aski duzu emaila bidaltzea info@euskalkultura.com helbidera, izenburuan 'Zozketarako' ipinita. Barnean idatzi behar dituzu zure izen-deiturak eta helbidea (kalea, herria eta herrialdea) eta, nahi baduzu, telefonoa. Emailak jasotzeko azken epea datorren asteko asteazkena da, irailaren 19a, gaueko 24:00etan. Emaitzak ostegunean, irailaren 20ean jakinaraziko dira buletinean eta webgunean. Errazagoa ezin! Izan zorte on!

-Mila esker NABOri bere lankidetzagatik
-Irakur eta entzuteko:
www.elkarargitaletxea.com/euskalamerika



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia