euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal poema antologia batek eman zion atzo bidea Villa Marian asteburu osoan ospatuko den Euskal Asteari

2013/11/08

'Abrazando esa tierra-Lurralde hori besarkatuz' du izena atzo Argentinako Villa Maria hirian, bertako euskal etxearen egoitzan aurkeztu zen euskal poesia antologiak (argazkia EuskalKultura.com)
'Abrazando esa tierra-Lurralde hori besarkatuz' du izena atzo Argentinako Villa Maria hirian, bertako euskal etxearen egoitzan aurkeztu zen euskal poesia antologiak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Villa Mariako Paco Urondo literatura taldeak prestatutako euskal poema antologia elebidunaren aurkezpenak modu berezi batez ipini zuen atzo Cordoba probintzia argentinarreko hiri honetan iganderaino ospatuko den Euskal Argentinar Aste Nazionala bere ekitaldi nagusiak abiatzeko puntuan. Gaur ostirala goizeko bederatzietatik aurrera OSDE aretoan egingo den Hego Ameriketako Euskal Gizataldeen Bilkurak ekitaldi askoko egitaraua abiatuko du, tartean erakusketak, hitzaldiak, dantza erakustaldiak, FEVA bilera, erromeriak, aurkezpenak, jokoak, danborrada, kalejirak eta abar. On egin! Datozen egunetan, argazki kronika.

Villa Maria, Argentina. Duela hamar urte egin zen azken aldikoz Argentinako Euskal Aste Nazionala Villa Marian. Gaur, hemen dena dago prest pixkanaka Argentina osotik, ondoko herrialdeetatik eta Euskal Herritik hurreratzen joango diren bisitariak errezibitzen joateko. Atzo osteguna, liburu aurkezpenaren aurretik, ikusi ahal izan genituen El Salvador, Kolonbia, Uruguai, Peru eta beste herrialde batzuetako euskal etxeetako partaideak. Izan ere, jende kopuru polita bildu zuen atzo 2013ko Euskal Argentinar Aste Nazional honek ekarpen izan duen liburuaren aurkezpenak, ez baita maiz gertatzen euskal etxe baten inguruan euskal poeten antologia bat bildu eta argitaratzea, batez ere hau bezala asmoa, ez saltzekoa, oparitzekoa baizik izanik. 200 aleko tirada egin dute, eta atzo egin zioten aurkezpena, Euskal Etxeko lehenengo solairuko areto nagusian.

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 01

 [Jende kopuru polita entzule, atzoko egunak, 'Abrazando esa tierra-Lurralde hori besarkatuz' izeneko  liburuaren aurkezpena izan zuen ekitaldi nagusia. Paco Urondo literatura taldeak bildurik, liburuak hamabost euskal olerkariren olerki laburrak hautatu ditu, hautatzaileen iritziak, ezagutzak eta gustuak jarraituz, jatorrian euskaraz zein gaztelaniaz idatziak, eta liburura bildurik euskaraz eta gaztelaniaz (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 07

[Antologiaren biltzaile eta hautatzaile Paco Urondo literatura taldea izan da, Villa Mariako bost olerkari eta literaturazalek osatua: Susana Giraudo, Susana Zazzetti, Fabiana León, María Elena Tolosa eta Eduardo Cichy. Ez dira euskal jatorrikoak, Maria Elena Tolosa salbu, baina euskal etxeak bere egoitza utzi izan die euren bilera eta deialdietarako eta, esker onez, egungo euskal poesian barrena murgildu eta gaztelaniara itzuliak izan diren lanak ardatz, libururatu duten hautaketa hau egin dute, zekitenetik eta zeuzkaten oinarrietatik. Hori guztia ari da azaltzen irudian mikroa eskuetan daukan Susana Giraudo taldeko gidaria (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 02

 [Paco Urondo taldea: ezkerretik eskuinera, Eduardo Cichy, Susana Giraudo, Susana Zazzetti, Maria Elena Tolosa eta Fabiana Leon. Edizio elebiduna da egin dutena, kasu gehienetan egileak berak eginiko erdal itzulpenarekin. Liburua, doi-doi atera da aste honetarako labetik eta ez da saltzen. Tiradako berrehun aleak oparitu egingo dira. Hautatzaileek azaldu dute dezente kostatu zaiela liburua osatzea eta mundu bat deskubritu dutela, euskal poesiarik ez baita apenas heltzen Villa Maria bezalako argentinar barnealdeko hiri batera. Pozik agertu dira emaitzaz (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 03

 [Hona libururatu diren idazleak: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Francisco Javier Irazoki, Miren Agur Meabe, Juan Kruz Igerabide, Juan Ramon Madariaga, Gerardo Markuleta, Kirmen Uribe, Tere Irastortza, Castillo Suarez, Rikardo Arregi, Kepa Murua, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza eta Julia Otxoa. Hautatutako poemetako batzuk irakurtzen joan ziren bost hautatzaileak, aurkezpentxo bana eginez bertaratutakoen aurrean. Horien artean, irudian lehenengo lerroan, ezkerretik eskuinera, Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendaria, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria, eta Marian Elorza, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 04

[Ekitaldiaren edergarri, asteburuan musikari ibiliko den Gozategi taldeak (atzean) doinu batzuk jo zituen, agurra, fandango eta arin-arina, dantzari bikotea Villa Mariakoa, Valentin Gortari eta Lucia Torillo (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 05

[Ondoren zintzur-bustitzea egin zen eta bertan zeudenetako batzuk, bertako gazteenak, talde-argazki honetarako deia egin zuten, irriz eta umore ezin hobez (argazkia EuskalKultura.com)]

2013-11-07 villa maria liburu aurkezpena 06

[Azkenik, afaltzeko tenorea zelarik, bildutakoak alde egiten joan ziren. Batzuk euskal etxearen jatetxean bertan afaldu zuten. Irudian, Villa Mariako Euzko Etxearen baitan dagoen euskal jatetxearen kanpoaldea (argazkia EuskalKultura.com)]

Astebururako egitaraua

Gaurtik iganderainoko egitarauari dagokionez, antolatzaileek propio eskatu digute aldaketa baten berri ematea, hasieran 'Centro Comunitario Cultural Leonardi Favio' delakoan izan behar zuen abesbatzen bilkura, 20:00etan, UNVMren (Universidad Nacional de Villa Maria) errektoretzara pasatu baita, arratsaldeko bost t'erdietan izango den estaturik gabeko nazioei buruzko hitzaldiaren ostean. Hona, beraz, egitarau zuzendua.

Ostirala, azaroaren 8a:

-08:00etatik 12:00etara, euskal etxeetako ordezkaritzei harrera. Lekua: Bomarraca Aretoa, Antonio Sobral kaleko 550. zenbakia (Ordutegi honetatik kanpo iristen diren ordezkaritzak bertan hartuko dira)
-Euskara Erakusketa. Lekua: Bomarraca Aretoan. Erakusketa hiru egunez egongo da ikusgai
-Antzezlana euskaraz. Lekua: Bomarraca Aretoan.
-13:00etan, Bazkaria. Lekua: Bomarraca Aretoa
-09:00etatik 17:00etara, Euskal Gizataldeen Hego eta Ertamerikako Eskualde Bilkura. Lekua: OSDE-ko Auditoriuma, Santa Fe kaleko 1155. zenbakian
-17:30etan, ‘Estatu gabeko nazioak’ hitzaldia. Lekua: Villa Mariako Unibertsitateko errektoretza, Entre Ríos kaleko 1431an
-‘Gernika 75. urtemuga’ erakusketa. Lekua: Leonardo Favio Komunitate Gunea, Gobernador Sabattini etorbideko 200. zenbakian. Erakusketa hiru egunez egongo da ikusgai
Ondoren, Abesbatzen Topaketa, leku berean, hitzaldiaren eta ondoko iruzkin eta iritzi-trukeen ondoren
-22:00etan, Afaria. Lekua: Bomarraca Aretoa
-00:00etan, Erromeria, Maral taldearen kontzertua. Lekua: Bomarraca Aretoa

Larunbata, azaroaren 9a:

-08:00etatik 12:00etara, euskal etxeetako ordezkaritzei harrera. Lekua: Bomarraca Aretoa
-09:00etan, FEVA bilera. Lekua: euskal etxea, Euskal Herria Aretoa
-12:30etan, Eskatu duten euskal etxeei ikurrinak eskuratuko zaizkie. Lekua: euskal etxea, Euskal Herria Aretoa
-13:00etan, Bazkaria. Lekua: Bomarraca Aretoa
-15:00etan, Liburuzainen bilera. Lekua: euskal etxeko Liburutegiko Jose Antonio Aretoan
-15:00etan, Txikien Jokoak. Lekua: Bomarraca Aretoa
-17:30etan, Danborrada eta kalejira. Lekua: euskal etxea
-20:00etan, GFala edo emanaldi artistikoa. Lekua: Udal Anfiteatroa
-23:30etan, Afaria. Lekua: Bomarraca Aretoa
-01:00etan, Erromeria. Gozategi Taldea musika jotzen. Lekua: Bomarraca Aretoa

Igandea, azaroaren 10a:

-10:30etan, Meza, Lekua: Virgen de Pompeya haitzuloaren aurrea
-11:30etan, Euskal Dantzak. Lekua: Virgen de Pompeya haitzuloaren aurrea
-13:00etan, Azken agur bazkaria. Euskara arloko erreferenteek HABEko agiriak eskuratuko dizkiete euskara ikasleei. Sariak abarka eta txapela onenentzat. Lekua: Bomarraca Aretoa

-Informazio gehiago, erakundearen webgunean: http://centrovascovm.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia