euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hasiberrientzako mus ikastaroa antolatu du Mountain Home-ko Euskal Etxeak gaur, musutruke

2011/04/29

Mountain Home-ko Bengoechea Hotel-aren eraikin historikoa; 1910ean eraiki zuen Bedarona-Ea-ko Jose Bengoechea emigrante euskaldunak (argazkia EuskalKultura.com)
Mountain Home-ko Bengoechea Hotel-aren eraikin historikoa; 1910ean eraiki zuen Bedarona-Ea-ko Jose Bengoechea emigrante euskaldunak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako Idahon, Mountain Homeko Euskal Lagunak Euskal Etxeak mus ikastaro bat antolatu du gaur arratsalderako, bere bazkideei zuzendua. Ikastaroa Bengoechea Hotel historikoan gauzatuko da Euskal Etxearen egoitzaren ondoan, arratsaldeko 6:30etatik 8:30ak bitartean. Irakasleak Boiseko Oinkari dantza taldeko bazkide talde bat izango dira, tartean Steve Achabal, Xanti Alcelay, Jill Aldape eta Tyler Smith.

Boise, AEB. Gina Gridley-k antolatu du tailerra Mountain Home-ko Euskal Lagunak taldearen baitan. EuskalKultura.com-en galderei erantzunez, ikastaroa euskal klubeko bazkideek hala eskaturik gauzatu dela dio. Duela bi urte, elkarteko Zuzendaritza berriak berrantolaketa bati ekin zion eta bazkideei zein aktibitate berri antolatzea gustatuko litzaieken galdetuta, musean jokatzeko aukera izatea izan zen erantzunetako bat. Ginak, geroztik, Boiseko Euzkaldunak-ek Idahoko hiriburuan antolatutako mus ikastaro batean hartu zuen parte eta hor konturatu zen horrelako zela Euskal Lagunak-ek behar zuena. 

Lehenengo pauso honekin, epe motzera, interesa duten bazkideak musean jokatzen jarri nahi ditu Euskal Lagunak-ek. Jakinik praktika oinarrizkoa dela eta jardunarekin euren jokoa hobetu eta ekimenak goranzko bidea har dezakeela, aukera hori eman nahi die bazkideei, oinarriaren ondotik eurak euren bidea egin dezaten. Bigarren pauso bat, Euskal Etxearen barruko lehenengo Mus txapelketa antolatzea izango litzateke, bertan irabazten dutenak NABO Mus Txapelketara klubeko ordezkari bidaltzeko.

Gaurko ikastaroa, eta bere baitan zerbitzatuko diren janari-edariak doanikoak izango zaizkie bertaratzen direnei. Guztia, jendea erakartzen lagungarri izango delakoan.

Ikastaroa Mountain Home-ko Bengoechea Hotel historikoan izango da, Euskal Etxearen egoitzaren ondoan, gaur iluntzeko 6:30etatik 8:30ak arte. Irakasleak Boisetik etorriko diren Oinkari euskal dantza tzaldeko gazteak izango dira, tartean Steve Achabal, Xanti Alcelay, Jill Aldape eta Tyler Smith. Trukean ekarpentxo bat egingo dio Euskal Lagunak-ek Oinkari taldeak uda honetan Euskal Herrira egin behar duen bidaiaren poltsari.

Musak Mountain Homen izan dezakeen geroari buruz, Gina Gridley baikor agertu da eta, gaurkoak arrakasta badu, ikastaro gehiago ere egitea ez du baztertzen, badaki-eta, zentzurik onenean, zaleak eta "menpekotasuna" sortzen dituen karta jokoa dela euskaldunen musa. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia