euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparraldeko EHko Laborantza Ganbara babes zabala ari da biltzen Paueko prefetaren auzi-eskearen aurrean

2008/12/30

Laborantza Ganbararen egoitza, Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre)
Laborantza Ganbararen egoitza, Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) Iparraldeko nekazari eta abeltzainak biltzen dituen elkartea da eta 2005 urtean laborariek beraiek sortu zuten, Paueko Ganbara ofizialak euren arazoei erantzunik ematen ez ziela-eta, euskaldunen aburuz Paueko Ganbarak nekazaritza industriala soilik sustatzen baitu, Iparralden egiten den mendi nekazaritzaren kaltetan. Azkeneko hiru urtetan modu eraginkorrean euskal laborari eta abeltzainen sostenguz lanean aritu ostean, epaiketa bati aurre egin beharko dio Laborantza Ganbarak urtarrilaren 29an Baionan: elkartea desegitea ere erabaki liteke bertan. EHLGren aldeko kanpaina --internetez ere sina daiteke-- sostengu handia ari da biltzen, Euskal Herriko zein kanpoko pentsamolde eta ideia tarte zabal bateko pertsonen artean.

Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, elkartearen desagerpena ekar lezakeen auziari aurre egin beharko dio datorren urtarrilaren 29an. Auziaren arrazoia Paueko Prefetak jarri duen salaketa izan da. Haren esanetan Laborantza Ganbarak ezin du izen hori erabili eta bere lanarekin Paueko Laborantza Ganbararena oztopatzen omen du. Mixel Berhokoirigoin, Laborantza Ganbara lehendakaria, epaituko dute Baionan eta gartzela zigorraren arriskua du.

Auziak Iparraldeko nekazal mundua puri-purian jarri du eta Laborantza Ganbarak sostengua biltzeko kanpaina jarri du abian. Momentuz 1.300 lagundik gora sinatu dute EHLGren aldeko adierazpena, horien artean Iparraldeko hautetsi askok eta baita ere Frantziako hainbat gizarte eragile ezagunek ere.

Frantzian bildutako babesen artean aipagarria da Dominique Voynet Ingurumen Ministro ohiarena. Egun senadorea den Voynet Frantziako Berdeen buru da eta oso gogor kritikatu du auzia. Are gehiago, Voynet-ek azalpenak eskatzen dituen gutuna idatzi die Frantziako Nekazaritza eta Arrantza Ministroari, Ekologia, Energia eta Garapen ministroari eta Estatuko Ekologia idazkariari.

Alderdi politikoetatik haratagoko sostengua

Idazkian ministro ohiak EHLG 'abentura berritzailea, Iparraldeko ehundaka laborariek babestua' dela esaten du. Voynet-en ustetan laborariek egitura honen beharra dute eta EHLGren lana Iparraldeko 'hautetsi guztiek aintzat hartu dute, sentsibilitate politikoen gainetik'. Ministro ohiaren aburuz ez dago EHLGren lana mehatxatzeko arrazoirik.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak informazio gehiago eta babesa emateko kanpainaren berri ematen du bere webgunean, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta alemanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia