euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herria lehen postuan da Bartzelonan jokatzen ari den Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketan

2008/09/11

Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketako irudia
Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketako irudia

PUBLIZITATEA

Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketa erdi bidean da. Lehen bi jardunaldiak jokatuta Euskal Herriko bikotea da txapelketaren buruan, 3 partida irabazi eta bakarra galduta. Ondoren, hurrenez hurren, Estatu Batuak, Katalunia, Espainia, Frantzia, Kanada eta Australia daude sailkapenean. Mus txapelketaz gain Kataluniako kultura eta hainbat leku interesgarri ezagutzeko aukera dute bai muslariek eta baita beraien bidaiakideak ere. Gaur Kataluniako egun nazionala denez bazkari batekin ospatuko dute, eta horretarako Enkartur Bizkaiko Enkarterrietako taldea arituko da sukaldean Euskaltzaleak elkartean.

Bartzelona, Katalunia. Astelehenean hasi ziren Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketako partidak. Dagoeneko erdi bidean da eta lehen bi jardunaldien ostean Euskal Herriko bikotea da buruan 3 partida irabazi eta bat galduta. Atzetik dira Estatu Batuetako ordezkariak eta segidan Katalunia, Espainia, Frantzia, Kanada eta Australia. Aste osoan zehar jardungo dute musean Bartzelonako Euskal Etxean eta sari banaketak larunbatean izango dira, horretarako jai bat antolatu dutelarik.

Larunbatean eman zitzaion hasiera ofiziala Bartzelonako Euskal Etxean Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketari, parte hartzaileen eta haien laguntzaileentzako harrera ekitaldi batekin. Bertan izan zen, besteak beste, Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzak Diasporarako duen ordezkaria. Federazioen aurkezpena, koktela, pintxoak eta giro ona izan ziren nagusi. Andres Fernandez txapelketaren antolatzaileak Euskalkultura.com-i azaldu dionez, lehiaz gain "partehartzaileek Katalunia ezagutzeko beta izan dezaten nahi dugu". Hori dela eta, egitarau zabala prestatu dute. Horretaz aparte, bikote bakoitzak bere herrian atzean utzitako txapelketakide guztiak gogoan izan ditu Fernandezek.

Egitarau horren baitan, igandean Bartzelonako Güell Parkea, Montjuic eta Alde Zaharra bisitatu zituzten. Bazkaria Euskaltzaleak elkartean egin zuten. Bilkura bat ere egin zen igandean herrialdeetako ordezkarien artean. Astelehenean hasi zen txapelketa eta muslarien laguntzaileak Caixa Forum-en egon ondoren Bartzelonako udaletxean Hiritarren Harretarako zinegotziak harrera egin zien, ondoren denak elkarrekin Euskal Etxean bazkaltzeko. Asteartean Bartzelona bisitatzen jarraitu zuten laguntzaileek eta ondoren Euskal Etxean bazkaldu zuten. Atzo Torres upategietan eta Sitges-en egon ziren. Gaur, Katalanen jai nazionala denez, bazkari bat egingo dute eta Enkartur Bizkaiko Enkarterrietako taldea arituko da sukaldean Euskaltzaleak elkartean. Bazkarian Enkarturreko presidentea eta Balmasedako alkatea izango dira. Bien bitartean txapelketak aurrera jarraituko du. Bihar berriz, Codorniuko upategiak ezagutzera joango dira eta Montserrat bisitatuko dute.

Larunbatean sari banaketekin batera jaialdi batean hartuko dute parte. Aurretik ordezkarien bilera bat egongo da. Jaialdirako antolatu duten afaria Taktika Berri Bartzelonako euskal sukaldaritzako jatetxe ezaguneko sukaldariak egingo du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia