euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal dantzak Rapa Nui kulturarekin bat egin zuen Santiago Euzko Etxean egin zen 'Musika Berbaldia' ekitaldian

2011/12/27

Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak Musika Berbaldian egin zuten emankizunean (argazkia Berriketarai)
Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak Musika Berbaldian egin zuten emankizunean (argazkia Berriketarai)

PUBLIZITATEA

Txileko Santiagoko Euzko Etxearen Berriketari buletinak elkarte honetan egin diren azken ekimenen berri dakar azaroko alean. Horien artean aipagarriak dira, bildu zuten jende kopuruagatik, bi ekitaldi bereziki: elkarteko frontoian jokatu zen Esku Pilota Txapelketa, eta Musika Berbaldia delako jaiaren bigarren edizioa. Jai honetan dantza eta gonbidatu berezi bati egiten zaion elkarrizketa batzen dira. Dantza alorrean erakustaldia burutu zuen elkarteko Itxaropen Gaztea taldeak, eta eurekin batera aritu zen Telar de Rancagua taldea, Txileko eta Rapa Nui irlako dantza ikuskizunarekin.

Santiago, Txile. Ignacio Bastarricak eta Maria Angelica Carrascok argitaratzen duten Berriketari albistari digitalak Txileko Euzko Etxea elkartearen azken ekimenak biltzen ditu azaroko alean. Horrela, azaroaren 5etik 19ra elkartean jokatu zen Esku Pilota Txapelketako txapeldunak Alejandro eta Xabier Etxeberria anaiak izan zirela iragartzen du albistegiak. Bigarren lekuan Felipe Barrios eta Sebastian Aldunce sailkatu ziren eta, hirugarren postua Rodolfo eta Xabier Reyes aita-semeentzat izan zen.

Elkartearen beste ekimen jendetsu bat azaroaren 25ean Euzko Etxean egin zen Musika Berbaldiaren bigarren edizioa izan zen. Ikuskizuna elkarteko euskal dantza taldeak abiatu zuen, erakustaldi batekin. “Itxaropen Gaztea” taldekoek honakoak dantzatu zituzten, besteak beste: Aurreskua, Baso dantza, Sagar dantza, Fandangoa eta Kalejirak. Ondoren, ekitaldi hartan, elkarrizketaren tartean, Zita Solas kirolaria izan zen protagonista elkarrizketatua. Zita, Txileko ordezkari izan zen Guadalajarako (Mexikon) Joko Panamerikarren baitan jokatutako Euskal Pilota norgehiagoketan eta bertan bizitakoaren berri eman zien bildutakoei. Jaiari bukaera emateko “Telar de Rancagua” taldea taularatu zen eta Txileko dantza sorta bat eskaini zuten, erdialdeko dantzetatik hasi eta Rapa Nui irlako folklore ederreraino, tartean 50. eta 60. hamarkadetako herri dantzak ere aukertuz.

Horrez gain, Euzko Etxea-ko euskara irakasle den Alejandro Etxeberriari elkarrizketa dakar aldizkariak. Etxeberriak onartu egiten du kurtsoak aurrera egin ahala ikasle kopurua gutxitu egiten dela: batzuek ikasketetan azterketa garaia hasten dutelako, autoikaskuntza egiten dutenak nekatu egiten direlako... Horri guztiari aurre egiteko Alejandrok bere burua ikasleentzako beti eskuragarri eskaintzen du, edozein zalantza argitzeko eta laguntzeko, bai telefonoz, eta baita sare sozialen bitartez, eta ikasleei berarekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten die elkarrizketan.

-Buletina eskatzeko, idatzi helbide honetara: berriketari@gmail.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia