euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuak euskara eta euskal kultura irakurletza berria zabalduko du Georgian Tbilisiko Estatu Unibersitatean

2020/11/04

Ivane Javakhishvili Tbilisi State University (TSU) Georgiako eta eskualdeko zaharrena litzateke
Ivane Javakhishvili Tbilisi State University (TSU) Georgiako eta eskualdeko zaharrena litzateke

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutuak Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisi State University-rekin (TSU) 2020ko irailean sinatutako lankidetzaren ondorioz, 2021eko otsailean euskara eta euskal kultura irakurletza berria zabalduko da bertan. Hori dela eta, azaroren 17an euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko deialdia egingo du Etxepare Euskal Institutuak, 2021-2022 ikasturtean bertako unibertsitatean aritu dadin, luzatzeko aukerarekin, Institutuak berak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak nabarmendu du Kaukasoko herrialde honek eta euskal kulturak “harreman handia” dutela, baita linguistikoki ere. Izan ere, “ezagunak dira·euskara-georgieraren arteko ustezko antzen inguruko ikerketak”, esan du, horrek guztiak Georgian euskal kultura eta euskararekiko “interes berezia” piztu duela azpimarratuz bereziki Tbilisiko unibertsitatekoekin harremanetan, “hasieratik proaktiboak izan direlako” lankidetza hau sortzeko. 

“Oso-oso ongi etorriak sentitu gara bertan, eta 2019an harremanak hasi zirenetik irakurletza hau sortzeko, erraztasun guztiak eman dizkigute”. Horregatik Larrazak uste du “oso irakurletza emankorra” izango dela, hango ikasleen aldetik “interes handia piztuko duena” eta “zubi-lana” egingo duena euskal eta georgiar kulturen arteko “harremanak sendotu ditzagun”.

Lanaldi osoko kontratua

Irakasleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du (asteko 15 ordu arte jardun akademikoetan), 2021eko otsailean hasi eta 2022ko abuztura arte, eta hala badagokio, luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta.

Horretarako, honako baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek: unibertsitateko graduko titulua izatea eta 3HE edo baliokidea izatea. Era berean, Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) izatea lehenetsiko da; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere.

Irakurlea Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar dituen irakurletza sareko parte izatera pasako da: orotara 30 irakurlek osatzen dute sarea, nazioartean sakabanatutako 35 unibertsitate ezberdinetan.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egunez luzatuko da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (bestela ere erne egon, baina EuskalKultura.eus-ek adieraziko du deialdia EHAA buletin ofizialean agertzen denean).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia