euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Euskal Institutua: Covid-19arekin gora egin dute munduan euskara online saio, ikastaldi eta ekitaldiek

2020/05/20

Atzo bertan ekin zion bere lehenengo euskara klase birtualari Macachingo (Argentina) Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak
Atzo bertan ekin zion bere lehenengo euskara klase birtualari Macachingo (Argentina) Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Koronabirusak eragindako mundu-mailako larrialdi egoeraren aurrean, irakaskuntza sistemak sekulako ahaleginaegin du eskolak online plataformetara egokitzeko. Gauza bera egin du Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar kudeatzen dituen euskara eskolekin, bai Euskara Munduan programaren baitan, baita unibertsitateetako irakurletzen kasuan ere, nabarmendu du Institutuak plazaratu duen ohar batean.

Atzerriko Euskal Etxeetako euskara eskolak kudeatzeaz arduratzen den Euskara Munduan programaren 2020rako helburuetako bat zen Europako eta Ameriketako euskara irakasleak eskolak online bidez eskaintzeko trebatzea. Horretarako, bi saio pilotu jarri ziren martxan Madrilgo eta Washington hirietako Euskal Etxe-sareetan larrialdi egoeraren aurretik, A 2.1 mailakoa bata eta A 1.1-ekoa bestea, zortzi eta 29 ikasleren partaidetzarekin hurrenez hurren. Pandemiak, ordea, egitaraua erabat aldatu du: munduko Euskal Etxe eta unibertsitate gehienak itxi egin dituzte eta, ondorioz, aurrez-aurreko eskolak bertan behera geratu dira, denak online metodoa hautatzera behartuz.

Gauzak horrela, egun mundu mailako Euskal Etxe eta unibertsitate gehienek euskara irakatsi eta zabaltzeko zereginean jarraitzen dute, plataforma ezberdinak erabiliz. AEB, Alemania, Argentina, Txile, Frantzia edota Kanadako zenbait Euskal Etxe eta Unibertsitatetan dagoeneko eskaintzen ari dira online bidezko eskolak, eta Tokio, Bartzelona, Mallorca edota Mexikok, besteak beste, jada erabilgarri dute online bidezko euskararen irakaskuntza, eta ikasleek izena emateko zain daude.

Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Garbiñe Iztuetak alde ona ikusten dio fenomeno berri honi: “Euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua birpentsatzeko ariketa egitera eraman gaitu COVID-19aren krisiak eta, erronka teknologikoen aurrean, malgutasunak eta sormenerako gaitasunak duten balio izugarria ere agerian geratu da. Ikasleekin harremana eta ikasleen arteko harremana ikaste prozesuan ezinbesteko faktorea dela berretsi da, gainera, eta horregatik pantailaren bidez harreman hauek beste modu batera lantzeko oinarri baliotsuak identifikatzeko eta lantzeko garaia izaten ari da”.

Izan ere, atzerrian finkatuta dauden irakasle horiek lan handia egiten ari dira eskolak online eman ahal izateko. Alde batetik, tresna berriak erabili dituzte, hala nola Zoom, Skype edota unibertsitateak eskuragarri dituzten online plataformak. Horrez gain, irakasteko eta ikasleen lana ebaluatzeko metodologia eta material berriak sortu dituzte. Esate baterako, Chicagoko Unibertsitatean dagoen irakurleak egoera honen aurrean azterketarik egingo ez duela erabaki du, eta lana ebaluatzeko blog bat sortu du, bertara ikasleek ikus-entzunezko proiektuak igo ditzaten. Halaber, Frankfurteko Goethe Unibertsitateko irakurleak on line aplikazioekin euskara ikasteko jokoak sortu ditu ikasleentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia