euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Elkarrekin gehiago egin dezakegu". Euskal Herriko Migrazio Zentru bateruntz, Pedro J. Oiarzabal

2010/10/12

Pedro J. Oiarzabal
Pedro J. Oiarzabal

PUBLIZITATEA

Pedro Oiarzabal diaspora adituak Bilbon egin berria den Europar Migrazioen Elkartearen (AEMI) mintegian jorratutako gaiei buruzko hausnarketa egiten du artikulu honetan. Facebook-ek eta internetek Diasporako euskaldunen harremanetara ekarri duten gertutasunetik Diasporako Euskal Museo baten proiektura, antzinako Europa emigrantea gaur egungo Europa immigrantearekin batuko duen zubira.

Pedro J. Oiarzabal. “You are invited to attend: American Lunch. Time: Sunday, October 3, 12:00pm-8:00pm. Location: Baigorri @ Plaza Xoko…” Horrela zioen Kaliforniako San Frantzisckn jaiotako Henry Oçafrainek Facebook-en plazaratu zuen gonbidapenak. Hitzorduaren arrazoia urtero Nafarroa Behereko Baigorrin Amerikako Oestera joandako euskaldunak, handik bueltatu zirenak, eta euren seme-alabak batzen dituen bilkura zen. Bere aita Henrik --Bankan jaioa-- azken hamar urteetan antolatu du bilkura hau. Berria sarean jarri eta minutu batzuetara 55 lagunek baietza eman zioten gonbidapenari. Berrehun bat lagun bildu ziren guztira Baigorrira, Amerikanoen agendako hitzordu jada klasiko honetara, Iparraldetik, Nafarroatik, Frantziatik eta AEBetatik etorrita. Facebook-ek gure egunerokotasunean jada integraturiko telefonoa eta posta elektronikoaren lana osatu zuen.

Halabeharrez joan den irailaren 29tik urriaren 2a bitartean Europako Migrazioen Elkarteak (AEMI) 'Migrazio ikerketak eta teknologia berriak' gaiari buruzko nazioarteko mintegi bat egin zuen Bilboko Euskalduna Jauregian, Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak koordinatuta. Zuzendaritza hau AEMIko kide egin zen duela hiru urte. Topaketan Europa, Australia eta AEBetako hogei bat aditu teknologia berriek Europatik atera ziren emigranteen kulturak gorde eta zabaltzeko duten eraginaren garrantziaz mintzatu ziren. Mintegiko ondorioen artean, partehartzaileek Europako migrazioen kultur ondarea zaintzearen garrantzia azpimarratu zuten, emigranteen Europa zaharra eta egungo immigranteen Europa berriaren arteko kultur arteko zubia izan daitekeelako. Teknologia berriek lan horren arrakastan izango duten zeregina ere azpimarratu zuten. 

Immigranteen eta gutxiengo etnikoen kohesioa eta gizarteratzea sozialki eta ekonomikoki solidarioa den Europa bat eraikitzeko funtsezkoak dira. Euskadi, Europako beste bizilagunak bezala, Afrikako Iparraldetik, Hegoameriketatik eta Europako Ekialdetik etorritako immigranteen helmuga bihurtu da. Nire ustez Diasporako Euskal Museoa, Eusko Jaurlaritzak gidaturiko proiektu hura, berrindartzeko une egokia da orain. Museo hau gure migrazio ondare garrantzitsuari zein gurera etorri berriak diren herrien ondareari dagokion lekua emango dion kultur arteko elkarrizketa gune bihurtzeko aukera dugu.

Elkarlanaren garrantzia

Jaurlaritzaren babesari esker eta AEMI eta bere bazkideen lankidetzari esker egin ahal izan da AEBetan euskal emigrazioari buruz egin den erakusketa nagusia. Hidden in Plain Sight: the Basques (Begibistan izkutatuta: Euskaldunak) gure herriaren historian egin den erakusketarik garrantzitsuena izan da. New Yorkeko Ellis Island-en izan da ikusgai urte hasieran eta 400.000 bisitari izan zituen.

Euskadik Europa mailako lehendabiziko migrazioen ikerketa eta dokumentazio zentroa (emigrazioa eta immigrazioa uztartuko dituena) sortzeko aukera du eta horrela historikoki Euskal Herrian emigrazioak izan duen garrantzia aintzat hartzeko beta. Horretarako bazkide europarrak, eta Euskal Herriko unibertsitate, museo eta dokumentazio zentruen sarea erabili beharko ditu. "Elkarrekin gehiago egin dezakegu", ondorioztatu zuen AEMIko presidenteak, Brian Lambkin-ek. Zalantzarik gabe aholku ona da.

Pedro J. Oiarzabal, euskal emigrazioan eta teknologia berrien arloan Deustuko Unibertsitateko ikerlaria da eta “Diasporas in the New Media Age: Identity, Politics and Community”-en editorea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia