euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere On line ikastaroa egiteko bekak emango dizkio Euskaltzaleak-ek euskara klaserik ez duten EEei

2012/12/10

Publikoak ere hartu zuen parte Euskaltzaleak-en Euskararen Eguneko ekintzetan (argazkiakEE)
Publikoak ere hartu zuen parte Euskaltzaleak-en Euskararen Eguneko ekintzetan (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

2012a urte berezia izango da Euskaltzaleak-en historian. Arrazoi askorengandik geratuko da bere kide eta lagunen memorian markatuta, baina zalantzarik gabe, egoitza propioa erosi ahal izateak leku pribilegiatua izango du aurtengo balantzean. Horrekin batera, beste hainbat helburu betetzea lortu dituzte Buenos Aireseko euskaltegiko kideek aldaketa eta nobedade urte honetan. Horien artean, martxoan abian jarri zen On Line Ikastaroa. “Ehun ikasle izatera heldu gara eta kopuru hori ospatzeko, euskara klaserik ez duten Argentina osoko euskal etxeei beka bana eman nahi diegu”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskaltzaleak-etik. Bitartean, eta topa egiteko motibo ugarirekin, Argentinako Euskaltegiak ere Euskararen Eguna ospatu zuen, abenduaren 1ean.

Buenos Aires, Argentina. Ahalegin handia egin behar izan dute Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko lagunek euren teilatu propioa lortzeko. Ahalegin horrek, ordea, ez dizkie indarrak ahuldu eta atzera begira urte bikaina bizi izan dutela esan daiteke. 

Euskaltzaleak-en egoitzaren inaugurazioari, garrantzi handiko beste berri on batzuk jarraitu zioten. Uztailean euskaltegiko bi irakasle -Marcela Inda eta Sabrina Otegui- Gaztemundu bekan parte hartzeko hautatuak izan ziren. Urrian, Cecilia Cans eta Irene Lopez de Vicuña irakasleek Buenos Airesen burututako HABEko azterketak gainditu zituzten; deialdi berean, bere ikas-prozesu osoa Euskaltzaleak-en egin zuen Anabel Jaureguiberryk ere gainditu zuen HABEko I. maila. Aipatzekoa da Euskara Munduan programan eta Euskaltzaleak-en bertan trebatu ziren bi irakasle –Gabriel Arce eta Sabrina Otegui- izan zirela Kinku Zinkunegirekin batera deialdi honetako aztertzaileak.

Euskararen eguna Euskaltzaleaken 2012 02

[Euskaltzaleak-eko Mariana Arla Lehendakari Ordeak eta Carlos Bordagaray Lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkioten Euskararen Eguneko jaian bildutako jendeari. Renzo Bustos dantzariak, ordea, 'Aurreskua' eskaini zuen (argazkiakEE)]

Beste alde batetik, eta euskal kulturaren beste arlo batzuekin lotuta, Buenos Aireseko euskaltegiak Argentinako euskal diasporaren jaialdi askotan hartu zuen parte, hala nola, hiriburuan egindako ‘Kolektibitateen Sukaldaritza Gunean’, Cañuelaseko Aberri Egunean, ‘Buenos Airesek Ospatzen du’ jaialdian, ‘Immigranteen jaian’ eta Euskal Argentinar Aste Nazionalean, batzuk aipatzearren. Eta kontzertuak –Maral eta Baietz taldeenak - eta zine eta hitzaldien zikloa ere gauzatu dira aurten euskaltegi argentinarren eskutik.

Euskara klaseak, aurrez-aurrekoak eta on line

Ikasgela berriak estreinatu zituzten apirilean Euskaltzaleak-eko ikasleek Bernardo de Irigoyen kaleko egoitzan. Baina betiko klase tradizionalen eskaintzari on line modalitateko proposamena gehitu zion 2012 honetan euskaltegiak. Teresa de Zavaletak prestatutako materiala, on line eskura daiteke http://euskaltzaleak.org.a helbidean. Proposamena arrakastatsua suertatu zen erabat eta abenduaren erdialdean ehun ikasle izatera iritsi zen.

“Bistan dago jendearen erantzun ona. Oinarrizko ezagutzak barneratzeko baliogarria da oso ikastaroa. Horregatik eskaini nahi diegu euskara klaserik ez duten euskal etxe guztiei. Haiek probatu ahal izateko beka bat emango diogu euskal etxe bakoitzari. Materiala eta metodologia ikusita, jende gehiago has daitezke gero. Interesa duten euskal etxeek gurekin jarri behar dute kontaktuan euskaltzaleak@yahoo.com.ar e-postara idatziz”, azaldu digute euskaltegitik. “On line ikastaroak uda osoan jarraituko du, beraz, hasi berriek –eta aurretik dabiltzanek– atalak eta irakaslearen tutorizazioa izango dituzte. Uste dugu ondo etorriko zaiola lagun askori oporretan jarraitzeko aukera izatea”, jakinarazi digute Euskaltzaleak-etik.

Euskararen eguna Euskaltzaleaken 2012 01

[Euskaltzaleak-eko abesbatzak kanta batzuk eskaini zituen Euskararen Eguneko jaian (argazkia EE)]

Bitartean, aurrez aurreko ikasturtea bukaerara heldu zen eta zikloaren amaiera eta Euskararen Eguna ospatzeko jai bat egin zuten Buenos Aireseko euskaltzaleek joan den abenduaren 1ean. Festa Kataluniako Etxean burutu zen eta ehun lagundik gora bildu zituen.


Euskararen eguna Euskaltzaleaken 2012 03

[Euskara ikasle eta irakasleek euskara haientzat zer den adierazi zuten ekintza ezberdinen bidez (argazkiakEE)]

Afaldu aurretik, etxeko abesbatzak bere abesti batzuk eskainin zituen eta urteko ekintzen laburpena egiten zuen ikusentzunezkoa proiektatu zen. Afaldu eta gero, berriz, euskara ikasleek antzezlanak, jolasak eta abestiak aurkeztu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia