euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaltzaleak-en on line ikastaroa: euskara eta euskal kultura internet bidez ikasteko proposamen bat

2012/06/11

Euskaltzaleak-en web gunearen hasierako orria
Euskaltzaleak-en web gunearen hasierako orria

PUBLIZITATEA

Nobedade batzuekin hasi zuen urtea Euskaltzaleak euskaltegiak; tartean, arlo akademikoari dagokionez, on line ikastaroa abiatzearena nabarmenena. Proiektua martxoan jarri zen abian eta aste gutxitan berrogei bat ikasleko taldea bazegoen sortu zen sarean atal eta tutore bidez trebatzen. Geroztik, taldea hirurogeita hamarretik gora igoi da, Argentina osoko partaideak eta baita kanpokoak ere osatzen dutela ikastaro birtualaren ikasleria, beti ere erritmo onean aurrera, euskaran eta euskal kulturan murgiltzen. “Hasierako multzoko ikasle askok ikastaroaren I. Liburua bukatu dute eta II.arekin hastekotan dira. Horri erreparatuta, talde berri batekin hasteko momentua dela uste dugu eta kari horretara izena emateko deia luzatu nahi diegu Diaspora osoan parte hartzeko interesa izan dezaketenei”, adierazi dio EuskalKultura.com-i euskaltegiko lehendakaria den Carlos Bordaragay-k.

Buenos Aires, Argentina. “Jakitun ginen, sare bidezko ikastaroa antolatu genuenean, ez zegoen aukera bat ari ginela eskaintzen. Euskara irakastea da gure eginkizuna eta ondo dakigu zeintzuk diren Diasporako jendearen ezaugarri eta xedeak, posibilitateak eta beharrak. Badakigu herri askotako euskal etxeetan ez dagoela euskara klaserik eta beste hainbat herritan euskal etxerik ere ez dagoela. Lagun horiek geneuzkan buruan on line ikastaroa planifikatzen hasi ginenean”, adierazi digu Carlos Bordagaray Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiko lehendakariak. “Hala ere, esan beharra daukat ez genuela inoiz pentsatuko horrenbeste arrakasta lortuko zuenik. Azken datuen arabera, hirurogeita hamazazpi ikasle ditugu”, aitortzen du Bordagarayk.

Euskara eta euskal kulturari buruzko on line ikastaroa martxoan abiarazi zen eta aurkeztutako egitarauari jarraituz, I. Liburuko sei atalak bete dituzte ikasle askok. “Ikastaro osoa lau liburutan dago antolatuta. Bakoitzean mota askotako materialak daude, tartean audioak, bideoak eta testuak, eta euskara ariketak, jakina. Lau liburu horiek urte batean egiteko daude pentsatuta. Hau da, hiru hilabetetan sei atal. Hala ere, ikasle bakoitzak bere bidea egiten du, ibilbidea indibiduala baita; horregatik batzuk beste batzuk baino aurreratuago daude. Gainera, ez dira pertsona guztiak momentu berean hasi; hiru hilabete hauetan etengabe apuntatzen joan dira ikasleak. Tutoreen erantzuna ere pertsonalizatua da, ikaslearen zalantzen arabera”, azaldu du Teresa de Zavaleta irakasleak.

Kurtsoaren antolakuntza

Euskaltegitik jakinarazi zaigunez, kurtso birtualeko ikasleak II. Liburuarekin hasiko dira aste honetan. Baina talde hau aurrera doan heinean, beste berri bat sortzeko asmoa agertu dute Euskaltzaleak-ekoek. “Lehenengo multzoa bideratuta dagoenez, beste bat osatzeari ekin diogu. Karia horretara Diasporako lagun guztiak, Argentinakoak eta Argentinatik kanpokoak, gonbidatu nahi ditugu, batez ere euren herrietan euskara klaserik ez dutenak. Aldi berean, martxoan hasi eta arrazoi ezberdinengatik epeak bete ezin izan dituztenei ere luzatzen diegu bigarren talde honetarako gonbitea, momentu egokia baitute berrasi eta bigarren taldera biltzeko”, azaldu digute arduradunek.

Ikastaroaren gaiak eta kostua

On line ikastaroaren ikasgaiak, Euskal Herriko kultura eta hizkuntza izango dira. Adibide gisa, lehenengo unitatean, Euskal Herriaren aurkezpena landuko da, kokapena, geografia eta euskaldunen eta euskararen jatorria. Bide batez, norberak bere buruaren aurkezpena euskaraz egiten ikasiko du. “Kultura da hizkuntzaren osagaia, eta alderantziz, ikastaroaren amaieran ikasleek oinarrizko ezaguera baina bide batez ezaguera osoa izan ahal izateko. Gure asmoa irakastea, baina batez ere sentsibilizatzea da, jendeak euskal kultura maite dezan”, azpimarratu dute.

Kostuari dagokionez, liburu bakoitzak 100 pesoko salneurria du, sei ataletako materiala, tutorearen zuzenketak eta hilabetean behin burutzen den hautazko aurrez aurreko klase bat barne. Informazio gehiago jaso edo euren izena eman nahi dutenek Euskaltzaleak-ekin jarri behar dute kontaktuan euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidean; edo elkartearen webgunera jo: www.euskaltzaleak.org.ar.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia