euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHUko bi ikerlari laginak hartzen ari dira Argentinan Euskal Diasporaren DNA bankua sortzeko

2009/10/27

Adrian Odriozola eta Jose Aznar Iparraldeko Euskal Etxeko kideekin (argazkia EE)
Adrian Odriozola eta Jose Aznar Iparraldeko Euskal Etxeko kideekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Iaz Estatu Batuetan izan ondoren Euskal Diaspora ikertzea xedea duen ikerketa hau Argentinara heldu da Euskal Herriko Unibertsitateko Adrian Odriozola eta Jose Aznar ikerlari gazteen eskutik. Zientzialariek 1000 listu lagin lortzeko asmoa daukate eta horretarako Argentinako hainbat euskal etxe bisitatzen ari dira. Jadanik Buenos Airesen izan dira eta geroztik geldialdi askotako bidaia bat hasiko dute. Gral Rodriguez, Moreno, José C. Paz, Ayacucho, Tandil, Mar del Plata, Necochea, Tres Arroyos, Cnel Dorrego, Bahía Blanca, Cnel. Pringles, Laprida, Azul, Las Flores, Saladillo, Chivilcoy, Chacabuco, Arrecifes, San Nicolas, Rosario, Parana, Concordia, eta Chascomus dira orain arte konfirmatuta dauden hiriak. Gaur Mar del Platan daude. Multzo honetatik kanpo geratzen diren euskal etxeak ere laginak hartzeko aukera izango dute.

Buenos Aires, Argentina. Jose Aznar eta Adrian Odriozola biokimikariak urriaren 17an heldu ziren Argentinara eta berehala ekin zioten lanari. Ikerlari gazte hauek garatzen ari diren ikerlanak oso helburu garrantzitsua du: diaspora aztertu baina diziplina ezberdin arteko ikuspuntu batetik.

'Ikerketa honen helburua Euskal Diaspora ikertzea da', azaltzen dute. 'Milaka urtetan Euskal Herriko populazioa Euskal Herrian egon ba baina azkeneko mendeetan euskaldunak sakabanatzen hasi eta lurralde ezberdinetan bizitzen hasi dira; orduan, kasua oso interesgarria da populazio beretsua edo oso antzekoa, lurralde askotan dugulako, eta bai genetika eta bai historia erabiliz aztertu dezakegu. Horrela, egoera eta inguru ezberdinek nolako eragina izan duten antzeko DNA duten pertsonengan ere jakin nahi dugu, eta horrekin lotuta sortu diren gaixotasun ezberdinak eta euren tratamenduak ere ikertu nahi ditugu.

Gure ustez, orain arte egin diren ikerketek mugak izan dituzte genetika alde batetik zihoalako, historia beste alde aldetik, antropologia beste batetik, eta guk pentsatzen dugu arlo horiek elkartzen badira eta ateratako ondorioak elkarri komentatzen badizkiote ikerketaren garrantzia handitu egingo dela. Guk adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Oxford Unibertsitateko historia irakasle den Oscar Alvarez Gilarekin lan egiten dugu'.

- Eta ikerketa hori egiteko, DNA laginak behar dituzue.

Bai, DNA lagin bilduma osatzen saiatzen ari gara eta aldi berean ahal dugun informazio gehiena. Lagina emateaz gain, galdera-sorta bat erantzuteko eskatzen diegu parte hartzen dutenei. Informazio hori zientzia eta zientzialari guztien eskura geratuko da, gaur eta etorkizunean, bai ikerketa biomedikoak egiteko, bai historikoak, sozialak eta antropologikoak ere bai; guk eta munduko edozein zientzia taldeak.

- Zer esango zeniokete bere lagina ematearen beldur den pertsona bati?

Ezer baino lehen ulertu egiten dugula ezezaguna den gauza bati beldurra izatea. Baina beldur hori uxatzeko onena da informazioa eskuratzea. Eta horretarako gaude gu. Alde batetik, lagina emateak ez dio inongo kalterik egingo parte-hartzaileari. Beste alde batetik, jakin behar da hartzen diren laginak kodifikatu egiten direla, hau da, pertsonaren intimitatea beti babesten dela gu DNA bankua baikara eta informazioa kudeatzeko beharrezkoa den antolaketa dugu. Datuak babesteko legea jarraitzen dugu. Zergatik kodifikatu eta ez anonimizatu? Erantzuna sinplea da: pertsona baten lagina anonimizatzen bada, nahi izanez gero ezin izango litzateke lagin hori errekuperatu. Kodifikatzen bada, berriz, momentu batean ikerketarekin jarraitu nahi ez badu, eskuratu dezake inolako arazorik gabe.

- Zeintzuk dira ikerketan parte hartzeko eskatzen dituzuen baldintzak? Alegia, noren laginak behar dituzue?

Baldintza bakarra euskalduna izatea da. Berdin zaigu zortzi abizen euskaldun izatea edo abizen bakarra. Abizenena esaten dugu zeren eta askotan euskaldun jatorria dugun ala ez jakiteko abizenaren informazioa jakitea da biderik errazena. Abizenak ere, genetika bezala, aztarnak uzten ditu denboran zehar. Kasu batzuetan jendeak ez daki abizen euskaldunik baduen baina badaki arbasoak Euskal Herrian jaio zirela, eta horrekin nahikoa izango litzateke.

- Eta laginak euskal etxeetan hartuko dira?

Bai, gure kontaktu nagusiak euskal etxeak dira. Hala ere, euskal astean ere izango gara. Dena den eta euskal etxe guztietara ezin izango gara hurbildu. Beraz, euskal erakundeak jarri daitezke kontaktuan gurekin eta guk bidaliko diegu materiala laginak hartzeko eta baita galdera-sorta ere. Modu honetan, lagundu nahi duenak, parte hartuko duen taldea antolatu beharko luke eta laginak jaso ondoren guri bidali azaroaren 5a bitartean. Jujuyko eta Viedmako euskal etxeekin horrela egingo dugu. Oso pozik gaude ikusten dugulako jendea prest dagoela laguntzeko. Eta eskertu nahi diegu euskal etxeko arduradunei eta bereziki Iparraldeko Euskal Etxeko Norma Riosi, zeren eta bera arduratu da gure ibilbidearen antolakuntzaz. Bera jarri da kontaktuan euskal etxeekin eta guk joan baino ez dugu egin behar. Jendea ezagutu gabe etorri garenez, bera gabe ezingo genukeen lagin-hartzea egin.

-Adrian Odriozolaren e-maila: adrianodriozola@gmail.com

Ikerlarien ibilbidea:

-Urriaren 23an, ostiralean: Gral Rodriguezen
-Urriaren 25ean, igandean: Morenon eta José C. Paz-en
-Urriaren 26an, astelehenean: Ayacuchon eta Tandilen
-Urriaren 27an, asteartean: Mar del Platan
-Urriaren 28an, asteazkena: Necochean
-Urriaren 29an, ostegunean: Tres Arroyosen eta Cnel Dorregon
-Urriaren 30, 31 eta azaroaren 1ean: Bahía Blancan – Euskal Astean
-Azaroaren 2an: Cnel. Pringlesen eta Lapridan
-Azaroaren 3an: Azulen, Las Floresen eta Saladillon
-Azaroaren 4an: Chivilcoyn eta Chacabucon
-Azaroaren 5ean: Arrecifesen eta San Nicolasen
-Azaroaren 6an: Rosarion
-Azaroaren 7an: Paranan eta Concordian
-Azaroaren 8an: Chascomusen
-Azaroaren 9an: La Platan (oraindik konfirmatu gabe)
-Azaroaren 10ean: Cañuelasen (oraindik konfirmatu gabe)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia