euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egun batzuetan ez da EuskalKultura.com argitaratuko, zenbait aldaketa sakon eta hobetze lanak egitearren

2008/05/19

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-en beti ari gara aztertzen Diasporari zerbitzu hobea eskaintzeko bideak eta horrek hain zuzen bultzatu gaitu gaurtik aurrera eta astebetez buletina eten eta webgunean aldaketa sakonak egitera, zenbait atal berri sartuz, beste batzuk indartuz eta, diseinua ere berriturik, Diasporako geure lagun euskaltzaleei informazio alorreko proposamen eraberritua egitera. Barrura begira egingo dugun lanak eragingo duen astebeteko etenarengatik, aldez aurretiko barkamena eskatzen dizugu, emaitzak mereziko duelakoan.
Aldaketok egitearen atzean, Diasporatik euskal kultura eta nortasunaren unibertso amankomunari egiten zaion ekarpena ezagutzearen eta aitortzearen alde egiten dugun apustuari eusteko borondate eta nahikeria dago, Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko elkar ezagutzea eta komunikazioa suspertzeko lanean urrats berri bat eman nahi izatea. Horretarako, besteak beste, sail eta atal berriak sortu, eta daudenak eduki berriez hornituko ditugu, guztia datorren astean sarean bertan aurkezteko.

EuskalKultura.com egiten ari den apustu hau, hori da lehenengo eta behin: apustu bat, aspaldidanik garatzen ari garen lanak ez baitauka segurtatua segida. Hori da, esaterako, aste honetan egingo ditugun aldaketen barruan publizitatea eta iragarkien tokia indartu nahi izatearen arrazoia. Diasporak bestela ezezagutzan geratuko liratekeen andana bat berri eta albiste sortzen ditu, eta hori honela izanik, horiek lortu eta hedatzen egiten dugun lanak zentzuduna dirudi. Halaxe adierazi izan digute bederen urteotan zehar irakurleek bidalitako e-mailek eta halaxe iradoki du geure lanak berak lortu izan duen oihartzunak.

Datorren astean itzuliko gara

Ber denboran EuskalKultura.com-en bideragarritasun ekonomikoa ez dago, ordea, batere segurtatua, eskaintzen ditugun zerbitzuak nahitaez doan izanik. Azken honek horrela segituko du, baina aldi berean datorren astean zabalduko den etapa berrian ahalegin berezia egin beharko dugu publizitatea lortzen, ezinbestean. Estimatuko genuke, beraz, egiten dugun lana interesgarri jotzen duten irakurleek, euren inguruan webgune honetan publizitatea jartzeko prest legokeen inor, enpresa edo beste, ezagutuz gero, adieraziko baligukete. Ahalegin guztiak onartzen dira.

Baina oraingoz EuskalKultura.com-en fase berria nahi dizugu adierazi. Gaurtik aurrera, etxe barrura begira lan egingo dugu astebetez, datorren astelehenean webgune eta buletin berriaren 'beta' bertsio batekin plazaratzeko. Eskertuko dizugu iritzia, guztion artean Euskal Herriaren eta bere Diasporaren artean eraikitzen ari garen zubi honek zutabe gero eta sendoagoak izan ditzan, guztion ekarpena tarteko. Mila esker hor egoteagatik.

Joseba Etxarri
zuzendaria/director
EuskalKultura.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia