euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako 50 nafar gaztek Iruñean egonaldia egin ahal izango dute uda honetan Navarra 2008 ikastaroarekin

2008/04/02

Nafarroako Gobernuko Alberto Catalan kontseilari eta bozeramalea iazko ikastaroan parte hartu zuten Diasporako gazteez inguratuta
Nafarroako Gobernuko Alberto Catalan kontseilari eta bozeramalea iazko ikastaroan parte hartu zuten Diasporako gazteez inguratuta

PUBLIZITATEA

Arbasoen lurra ezagutu nahi duen munduko nafar etxeren bateko kidea zara? Edo hori ez, baina Diasporan bizi den nafarren ondorengoa? Bada aurtengo udan bertan ametsa egia bihurtzeko aukera izan dezakezu, Navarra 2008 Nazioarteko Ikastaroari esker. Foru Gobernuak sustatzen duen ekimen honi esker Diasporako 50 nafar gaztek Nafarroa ezagutu eta herrialdearen kultura eta historian sakontzeko aukera izango dute. 50 postu horietatik 48 Argentina eta Txileko nafar etxeetako gazteentzat izango dira eta 2 beste nafar etxeetako kideentzat edo Diasporako nafarren ondorengoentzat. Eskabideak aurkezteko epea hilaren 25ean bukatuko da lehen taldearentzat eta lehenago, hilaren 15ean, bigarren taldekoentzat.
Ikastaroa 18 eta 28 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta uztailaren 16tik 30era egingo da Nafarroan. Aurtengoa hamaikagarren edizioa da, 1989an ikastaro hau abian jarri zenetik. Ikastaroaren egoitza Iruñeko Larrabide kirol gunean dagoen 'Fuerte Príncipe' Gazte Egoitza izango da. Bertan gazteek igerilekua eta kirol instalazioak eskura izango dituzte eta bertan egingo dituzte jarduera eta klase gehienak.

Deialdiak aitortzen duenez, Ikastaroaren helburua gazte hauek Nafarroaren errealitatea ezagutzea da, bere alde historiko, artistiko, ekonomiko eta abarretan sakonduz. Horretarako partehartzaileek hainbat arlo desberdinetako adituen mintzaldiak entzun ahal izango dituzte, ondorengo gaiei buruzkoak esaterako: Geografia, Historia, Sozio-ekonomia, Folklorea, Erakundeen jarduera, Artea eta Kultura, Kirola eta Gazteria, Enpresa Mundua eta Hezkuntza.

Txangoak Nafarroan zehar

Egitarauaren beste alde garrantzitsu bat Nafarroan zehar egingo diren txango gidatuak izango dira. Bi aste hauetan gazteek Iruñea, Tutera, Lizarra, Orreaga, Pirinioak, Leireko monastegia, Xabierreko gaztelua eta Baztan bailara ezagutu ahal izango dituzte, besteak beste. Horrez gain kirol jardueretan eta ekitaldi ofizialetan ere parte hartuko dute.

[Goiko irudian iazko 41 partehartzaileak Miguel Sanzekin Nafarroako presidenteak egin zien harrera ekitaldi ofizialean]

Partehartzaileak eta postuen banaketa

Ikastaroan parte hartuko duten gazteen kopurua 50ekoa izango da gehienez eta horietatik 48 Argentina eta Txileko nafar etxeetako bazkideen artean aukeratuko dituzte. Argentinako Buenos Aires, Rosario, Mar del Plata, Mendoza eta Bolivarreko nafar etxeek 8 kide ekarriko dituzte bakoitzak eta Txileko Nafar Etxeak beste zortzi.

Gelditzen diren beste bi postuak Espainiako nafar etxeetako kideentzat edota aurrekoen egoeran ez dauden Diasporako nafarren ondorengoentzat izango dira. Nafarroako Gobernutik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez aurreko edizioetan azken postu hauek ez dira bete eta hori dela eta eskuratzeko aukera errazagoa izan daiteke. Eskabideak aurkezteko betekizunei buruzko informazioa jasotzeko jo Protokolo Zerbitzura, 00-34-848-42 71 13 telefonoan edo e-mailez, hona.

Eskabideak aurkezteko epeak

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek bizkor ibili beharko dute, eskabideak aurkezteko epeak hil honetan bertan itxiko dira eta. Argentina eta Txileko nafar etxeetako kideentzat epea hilaren 25ean bukatuko da eta beste nafar etxeetako eta Diasporako nafarren ondorengoentzako epea, lehenxeago, hilaren 15ean, itxiko da.

Argentina eta Txileko gazteen kasuan Nafarroako Gobernuak hegazkinaren txartelaren zati bat ere ordainduko du, parte hartzaile bakoitzari gehienez 751 euro emango zaizkiolarik. Diru hau nafar gobernuak zuzenean dagokion nafar etxeari emango dio, zentru bakoitzeko partaideen zerrenda baieztatu ostean.


Lotura interesgarriak

Deialdiaren oinarriak
www.navarra.es webgunean

Argentina eta Txileko 41 gazte Nafarroa 2007 ikastaroan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

  • Alboradak
    Juanmi
    Antzuola, Gipuzkoa
    2020/03/29
  • Aritz zarauztarra
    Miren Edurne
    Mexiko Hiria, Mexiko
    2020/03/27
  • Lehenbailehen
    Marta Fernandez
    Mexiko Hiria, Mexiko
    2020/03/19
  • Pena
    Pedro Irigoien
    San Frantzisko
    2020/03/13
  • Gogoan Bego
    Juan Mari Aranburu
    Donostia-San Sebastian
    2020/02/20

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia