euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cordobako 'Txiki Talde'ko neska-mutilek hiriko Rivadavia plaza hartu zuten euren dantza eta jolasekin

2010/10/08

Gaztetxoek marka utzi zuten Cordobako Rivadavia plazan (argazkia Gerora)
Gaztetxoek marka utzi zuten Cordobako Rivadavia plazan (argazkia Gerora)

PUBLIZITATEA

Argentinako Cordobako Gerora Euskal Kultur Taldeak bere 'Txiki Taldea'ren jarduera berrabiarazi zuen joan den igandean, urriaren 3an, hiriko plaza nagusian egin zen joko eta kantu egun batekin. Euskara da talde honen ardatzetako bat eta txikiek euskal hizkuntza joko eta jolas bidez nola ikasten duten erakutsi zieten Cordobako biztanleei. Ekimenari buruzko liburu bat plazaratuko da aurki, adierazi dute Geroratik.

Cordoba, Argentina. Cordobako 'Txiki Talde'ko neska-mutilek hiri argentinar honetako Rivadavia Plaza hartu zuten joan den urriaren 3an, dantza eta jolasekin. Aitzakia, haurrei zuzenduriko euskal kultura talde honek jarduerak berrabiarazi dituela izan zen. Cordobako hiritarrekin partekatzeko ekimenak atera zituen kalera.

Talde honen helburua gazteek euskal kultura eta hizkuntza testuinguru alai eta dibertigarrian ezagutzea da, lagunak eginez eta aldi berean euskara ikasiz. "Hizkuntza, dantza, antzerkia eta musika irakasle talde batek zuzentzen du ekimena", azaltzen dute Gerorako arduradunek. "Haur hezkuntzan espezialduak eta euskal diasporako kideak dira". 

'Txiki Taldea'ren berrabiatze festan haur eta nagusiek denbora goxoa pasatu zuten, dantzan, kantuan eta jolasean. Baztango Irri Dantzak, Txulalai eta Orbaitzeta bezalako dantzak egin zituzten, euskaraz kantatu zuten eta sokatiran lehiatu ziren, besteak beste. 

Gerora Cordobako Txiki Taldea 2

[Cordobako Txiki Taldeko kideak sokatiran jo eta su (argazkia Gerora)]

Argitalpen proiektua

Gerorako arduradunek azaldu dutenez 'Txiki Taldea'ren ekimenak argitalpen proiektu batean jasoko dituzte aurki. "Taldearen jarduera aintzat hartu dute hiriko hainbat kultur erakundek, azken urteetan Diasporako gazte talde honek egiten duen lanaren seriotasuna azpimarratuz", esan dute. 

Jaialdiaren irudi gehiago Cordobako Argazki Galerian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia