Comodoro Rivadavia, Argentina. Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak jarduerez ongi betetako maiatza izan du, eta gailur gisa, atzo igandea bere 102. Urteurreneko Bazkaria partekatu zuen bazkide eta lagunekin. Horren aurretik, duela hiru aste, presentzia txalotua lortu zuen "Aitzindarien, eta Munduko Zapore eta Dantzen Gaua"-n, hiriko Udala eta FeDeComEx antolatzaile, bertako historiako eta garapeneko parte den kultura-aniztasuna nabarmentzea helburu duen jaialdia; ondotik, Euskaraldiari atxikitzeko jarduerak egin zituen; eta azkenik, Argentinako Maiatzeko Iraultzaren 215. urteurreneko ekitaldiak testuinguru, Desfile Aberkoi tradizionalean partaide izan ziren Euskal Echea-ko dantzari eta ordezkariak.
Aitzindarien Gaua, gizataldeetako dantzariekin; pintxoak; Tolosako babarrunak Eduardo Vergel chef eta dantzariak prestatuta; Maiatzaren 25eko desfilea ikurrinarekin... eta 102. urtebetetzea
"Aitzindarien, eta Munduko Zapore eta Dantzen Gaua" Comodoro Rivadaviako Kultura Etxean egin zen, maiatzaren 10ean. Euskal Echea-ko dantzariek oholtza partekatu zuten Alemania, Polonia, Portugal eta Italiako dantza taldeekin, hiru ordu iraun zituen ekitaldian. Bertan, EEko haurren dantzari taldeak, Maite Baztan eta Alma Juarezen eskutik, Makil Dantza dantzatu zuen; ertainenak, Micaela Parra eta Carla Rementeria zuzendari, Arin Arin bat; eta nagusienak, Maite Baztanek gidatua, koreografia berezi bat, Fandangoaren eta Arin Arinaren pausoetan oinarrituta.
Horrez gain, agertoki nagusian, Eduardo Vergel-ek, chef eta dantzaria denak, Tolosako babarrunak prestatu zituen zuzenean jendaurrean eskainitako sukaldaritza saioan. Eszenatokitik behera, berriz, euskal etxe comodorotarraren saltokian eta arrakasta handiz, bestelako 'euskal kutixiak' eskaini zituzten, tartean tortilla eta urdaiazpiko pintxoak eta, postrerako, euskal pastela eta gazta tarta.
Euskal dantza eta sukaldaritza tradizionala "Aitzindarien, Zaporeen eta Munduko Dantzen Gauaren"
Bazkaria eta dantza partekatu zuten bazkide eta lagunek elkartearen egoitzan 102 urteak ospatzeko
Maiatzaren 25a jai aberkoi handia da Argentina osoan eta egun horretan, aurten igandea, ohi bezala milaka lagun bildu ziren Comodoro erdigunean, Maiatzeko Gesta Iraultzailearen urteurren berri baten karietara, Desfile Zibiko-Militar tradizionalean parte hartu zuten 200 elkarte baino gehiagoren igarotzeaz gozatzeko, Ignacio Torres gobernadorea eta Macharashvili intendentea buru. Euskal Echea-ko haur, gazte eta helduek osatu zuten euskal ordezkaritza, urtero bezala ikurrinarekin desfilatuz, harro eta pozik.
Zorionak 102 urteengatik!
Poza eta harrotasuna ere nagusi izan ziren baita ere atzo igandea, ekainaren 1ean, euskal elkarteak, ia ehun gonbidaturekin batera, bere 102. urtebetetzea ospatzeko egindako bazkarian. Euskal Etxeko batzordekide eta euskara irakasle den Eneka Cordobak EuskalKultura.eus azaldu dionez, "Ospakizuna ederra izan zen, bazkari goxoa giro zoragarrian eta guztiok poz-pozik". Bildutakoek pintxoak, dilistak eta gazta tarta jan zituzten, lagunarteko dantza eta bazkalosteko kantu tradizionalak lagun.