euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko dantza talde gaztea lehenengoz aurkeztuko da Euskal Aste batean, oraindik ere bi urte ez dituela

2007/10/03

Beti Aurrerak antolatu zuen afari jendetsuaren ikuspegi orokor bat (argazkia ChivilcoyEE)
Beti Aurrerak antolatu zuen afari jendetsuaren ikuspegi orokor bat (argazkia ChivilcoyEE)

PUBLIZITATEA

Etengabe ari dira lanean Chivilcoyko Beti Aurreran. Iragan den irailaren 22an, bertako bazkide eta lagunak berriz ere bildu ziren Club Cerámica Argentina elkartean egin zuten afaria jendetsuan. Ikuskizunek eta bi orkestren aire eta doinuek besta eta jai giroa ekarri zioten ordu txikietaraino luzatu zen hitzorduari. Hala ere, biharamunean, oraindik bazuten indarrik Udaberri Eguna ospatzeko eta aurten Rosarioko Euskal Astean izango den Beti Aurrerako dantza taldearen ekitaldi publikoa animatzeko.
Afarira laurehun pertsona baino gehiago bildu ziren, elkarteko emakumeek prestatutako janaria eta ohiko oilasko errea dastatzeko. Postre izoztuak, taloak eta sagardoa ere euskal etxekoek eskaini zuten oturuntzako parte izan ziren. Ikuskizunen arloan, Mario Castells tango abeslari famatuak hartu zuen parte eta ondoren bi orkestra aritu ziren bertaratu zirenentzako dantzaldia eskainiz. Alaitasuna eta festa giroa ez ziren bukatu goizeko hiru eta erdiak atzean geratu arte.

Biharamunean, igandea ere ospakizun eguna bilakatu zen Chivilcoyn, Udaberri Eguna delakoaren hitzordua baitzen. Paseo de la Plaza-n hainbat artistek euren ikuskizunak eskaintzeko parada izan zuten eta gonbidatuen artean euskal etxeko dantzari talde gaztea aritu zen, 20 bat dantzarirekin. Honakoak egun bereziak dira eurentzat, izan ere datorren larunbatean Rosarion parte hartuko baitute, lehenengo aldiz beraz Euskal Aste Nazional batean. Chivilcoyko txalo zaparrada beroa bertan ere jasotzea da euren asmoa eta horretan gogotik ahaleginduko dira. [Ezkerreko irudian Beti Aurrerako dantzariek Udaberri Egunean eskaini zuten emankizunean (argazkia ChivilcoyEE)]


Lotura interesgarriak

Chivilcoyko Euskal Etxearen bloga
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com

Arkaitz Mendoza pianojolearen kontzertua Chivilcoyn
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia