euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chillida, Oteiza, Ameztoy... Gasteizko Artium Museoko 12 lan ikusgai daude New Yorkeko Cervantes Institutuan

2007/05/30

'Les amoureuses (Elena & Rrrose)’, Elena del Riveroren lana, New Yorken hilabeteotan ikusgai
'Les amoureuses (Elena & Rrrose)’, Elena del Riveroren lana, New Yorken hilabeteotan ikusgai

PUBLIZITATEA

Gasteizko Artium Museoko bildumako 12 lanek osaturiko erakusketa ikus daiteke hilabeteotan New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan. Maiatzaren 7an inauguratu zen eta irailaren lehena bitartean iraungo du Etxeorratzen Hirian. 'Gizon eta emakumeei buruz' da erakusketaren izenburua eta Picasso eta Miró bezalako maisuen lanak biltzen ditu, azken hamarkadetako euskal artista garrantzitsuenetakoekin batera: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida edo Vicente Ameztoy. Irailean Chicagora mugituko da, bertako Cervantes Institutuaren egoitzara.
Artium, Gasteizko Arte Garaikidearen Museoak, eta New Yorkeko Cervantes Institutuak A propósito de hombres y mujeres (Gizon eta emakumeei buruz) erakusketa aurkezten ari dira Sagar Handian. Gasteizko museoaren bildumatik aukeratutako 12 margo, argazki eta eskulturek osatzen dute erakusketa. Jorge Oteiza, Joan Miró, Eduardo Chillida, Salvador Dalí edo Pablo Picasso bezalako maisuek euren begirada zuzentzen diete gizon eta emakumeei. Erakusketa joan den maiatzaren 7an hasi zen eta irailaren 1a bitartean izango da New Yorken. Ondotik Chicagoko Cervantes Institutuaren egoitzan izango da ikusgai irailaren 13tik azaroaren 9a bitartean.

Erakusketaren inaugurazioaren karietara Artiumeko zuzendari Javier González de Durana eta museoko bilduma iraunkorreko arduradun Daniel Castillejo New Yorken izan ziren. Ekitaldian arte garaikideari buruzko mahai ingurua egin zen, Gonzalez de Durana, Castillejo eta Robin Cembaleste, ArtNews aldizkari entzutetsuaren zuzendaria partaide. Ekitaldira bildu zirenen artean New Yorkeko euskal artistak izan ziren --Prudencio Irazabal eta Pepo Salazar-- eta baita artista espainolak ere (Ana Busto eta José Manuel Bermejo), New Yorkeko galeristak eta komunikabideetako kide ugari. Arte munduaren ordezkarien artean Bartzelonako MACBA museoaren zuzendaria, Manuel Borja, eta Ylva Rouse galerista, azken hau New Orleanseko Bienala prestatzen ari den Dan Cameronekin batera.

Gizon eta emakume izateari begiratua

A propósito de hombres y mujeres erakusketak, bertan biltzen diren artistek gizon eta emakumeen inguruan eginiko lanak biltzen ditu. Giza izaeraren inguruko hausnarketa hori ikuspuntu artistiko, psikologiko zein deskriptibotik egiten dute. Artistaren planteamendua pertsona jakin bati egiten dion omenaldia izan daiteke, Jorge Oteizaren ‘Mallarmeri omenaldia' lanean gertatzen den bezala. Edota besarkada bat bezalako keinu gizatiarraren irudikapena, Eduardo Chillidaren 'Besarkada’ eskulturan bezala. Artelan berrienek tonu surrealista dute amankomunean: Carmen Calvoren ‘El ruido de la lluvia lloró alto’; Elena del Riveroren ‘Les amoureuses (Elena & Rrrose)’ eta Vicente Ameztoyren 'Izenbururik gabe' familia erretratua.

Joan Mirók (‘Femme dans la nuit’) eta Salvador Dalík (‘Retrato de Mrs Fagen’) surrealismo tradizionalaren ikuspuntua ekartzen dute erakusketara eta azpimarragarriak dira baita ere Antonio Sauraren ‘Portrait imaginaire de Philippe II nº 3’ eta Pablo Picassoren ‘Mousquetaire à la pipe’ lanak. Azkenik interpretazio desberdinak izan ditzaketen eskulturak dakartzate Juan Hidalgok (‘Flor y mujer’), Naia del Castillok (‘Corral’) eta Rogelio López Cuencak (‘Welcome’).


Lotura interesgarriak

Artium Museoa, Vitoria-Gasteiz
www.artium.org

New Yorkeko Cervantes Institutua
http://nyork.cervantes.es

Chicagoko Cervantes Institutua
http://chicago.cervantes.es


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia