euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buztingintzaren balioa aldarrikatu dute La Platan, Mariana Demichelik euskal zeramikaz emandako tailerraren baitan

2022/11/04

Mariana Demicheli Uribeondo, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Etxepare Euskal Institutuko irakurletzak antolatutako klasean
Mariana Demicheli Uribeondo, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Etxepare Euskal Institutuko irakurletzak antolatutako klasean

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Hogeita hamar bat lagunek hartu zuten parte joan den asteartean La Platako Unibertsitate Nazionalean Mariana Demicheli Uribeondo buztingile eta Amalur proiektuko kideak eskaini zuen euskal zeramika klasean. Jardunaldia Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzaren baitan egin zen eta teoriko-praktikoa izan zen, izan ere saioaren amaieran bildutakoak pieza txiki bat egin baitzuten buztinez eta euskal irudi eta sinboloez edertu.

Ekitaldian zehar zeramika herrikoiaren jatorriari buruz aritu zen buztinlaria. Une historikoaz eta buztingintzaren ekoizpena, eskaintza eta eskaria bultzatu zuten faktoreez mintzatu zen, baita ere objektuak izaera herrikoia hartzearen prozesuaz. Buztingintzan parte hartzen duten urrats eta elementuak ere deskribatu zituen, tartean lur-erauzketa, buztinaren prestaketa, zeramika tornuaren erabilera, esmalteak, dekorazioa eta labeak.


La Platako Unibertsitatean egindako euskal buztingintzari buruzko klaseko ikasleak lanean

Saioaren azkeneko zatian, plastikoaren erabilera murrizteaz eta berau ordezkatzearen garrantziaren inguruko hausnarketa egin zuten bertaratutakoek, ingurumena hobeki zaintzen duten materialak erabiliz. Bilera bukatzeko, zeramika lan txiki bat egin eta euskal ikurrez apaindu dute.

“Ekimena arrakastatsua izan da oso, jendea oso pozik geratu da klasearekin”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Etxepare Euskal Institutuko La Platako irakurle Sabrina Otegui-k. Otegui-k kontaktatu zuen Amalur proiektuaren sortzaile eta Argentinan euskal zeramikaren sustatzaile handia den Mariana Demicheli-rekin ekitaldi hau antolatzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia