euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Amalur' izenpean XVIII eta XIX. mendeetako euskal zeramika mota birsortzen du Argentinan Mariana Demicheli buztinlariak

2021/02/10

'Amalur'eko produktuak
'Amalur'eko produktuak

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. 1994. urtean hasi zen ‘Amalur’ izeneko ekimena mamitzen Mariana Demicheli Uribeondo. Orduan Buenos Aireseko 1 zenbakidun Zeramika Eskola Nazionala ikastetxean ari zen ikasten eta Euskal Herrira joateko aukera izan zuen. “Herri produkzioak beti iruditu zaizkit oso deigarriak; eta Euskal Herrian oso ekoizpen mota sinplea aurkitu nuen; sinplea baina forma partikularrek ongi zehaztua, eta edukiz eta historiaz betea”, azaldu dio zeramikariak EuskalKultura.eus-i.

‘Amalur’ proiektuan ez izena ezta objektuen itxura ere ez dira kasualitatea: “Nire aiton-amona Pablo Uribeondo eta Maria Ascension Ruiz, bere lau alabekin, Monte Ayala itsasontzian etorri ziren Argentinara, 1951ean. Bizkaiko Basauritik Buenos Aireseko San Miguelera… Argentinako lehen industria metalurgikoa izan zen ‘Alvarez Vazquez’ lantegira lanera. Bertan bizi eta bertan sortu zuten euren familia”.

Marianak azaldu digunez, bere ekimenaren helburua da XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herriko zeramikaren produkzioa ikertu eta birsortzea. “Garai hartako produkzioak oso zabalduta zeuden eltzegintzan eskualde osoan, eta etxe askotara iristen ziren eguneroko bizitzan erabilera izateko”.

“Gaur egun nire lantokian erabiltzen dudan ekoizpen prozesuak antzina erabiltzen zutenaren antza du: pastak, buztin-tornua, dekorazioa, esmalteak eta erreketa-tenperatura. Horrela eskulan bakoitzak gure arbaso buztinlariek utzitako ondarea kontserbatzen du”.

“‘Amalur’en, ogibidea eta gure familiaren historia biltzen dira; norberaren lana eta talde lana; bertan aurkitzen ditut nire sustraiak, arbasoen herria eta herri horren izaera”, zehaztu digu Marianak.

‘Amalur’eko produktuak Terruño Regalería dendan eta La Platako Euzko Etxeak antolatzen dituen bide-salmentetan aurki daitezke ere, baina erosteko modu zuzenena Facebook bidez da (cerámica popular vasca). Telefonoz kontaktatzeko, 0221 15 6113037 da zenbakia.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia