euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen euskara irakasten 65 urte daramatzan Euskaltzaleak-en aurtengo matrikula irekita

2009/02/24

Euskaltzaleak elkarteko Euskararen Eguneko jaia, 2006koa (argazkia EuskalKultura.com)
Euskaltzaleak elkarteko Euskararen Eguneko jaia, 2006koa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskaltzaleak elkartea Buenos Airesen euskara irakasteko helburuarekin sortu zen orain dela 65 urte, 1944an, eta urtez urte ekinean jarraitu dute talde honetako bazkideek, euren ahalegin eta engaiamenduari esker Argentinako hiriburuan nahi duenak euskara ikasteko aukera izan dezan ziurtatuz. Lan horri jarraituz, elkarteak aurtengo ikastaroetarako deialdia egin du eta aurten gainera, oinarrizko Euskara eta Euskal Kultura Lantegi berri bat ere eskainiko du. Ikastaroak martxoaren 9an hasiko dira.

Buenos Aires, Argentina. Euskaltzaleak, Buenos Aireseko Euskara Eskolak, 2009ko ikastaroetarako deialdia ireki berri du. Hasiberrien mailan izena eman nahi dutenentzako eskaintza bikoitza da: alde batetik astelehen eta asteazkenetan izango da ikastaro bat, 19:15tatik 21:15etara, Irene López de Vicuña irakaslearekin; eta apirilean bigarren bat hasiko da, astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara, Marina Arangurenek gidatuta.

Horrez gain, eta ikasleek hala eskatuta, aurtengo berritasuna Euskara eta Euskal Kultura Lantegi bat izango da. Hasiberrientzako mailakoa izango da hau ere, eta Mariana Fernandez Castellik gidatuko du astelehenetan, 18:00etatik 21:00etara. Apirilean hasiko den aipatu ikastaroa ezik, beste guztiak martxoaren 9an hasiko dira. 

Urteko matrikularen prezioa 30 pesokoa da eta hileko kuota, berriz, 40koa. Izen-emateak elkartearen egoitzan egin behar dira: México kaleko 1880 zenbakian, 15:00etatik 19:00etara. Informazio gehiago eskatu nahi izanez gero deitu 4381-4611 edo 4383-1529 telefonoetara edo idatzi e-maila  info@euskaltzaleak.org.ar helbidera.

Datu gehiago elkartearen webgunean: www.euskaltzaleak.org.ar

Zuzendaritza batzordearen berritzea

Era berean, eta Argentinako udako oporrek eragin duten geldialdiaren ostean, Euskaltzaleak-eko arduradunek Zuzendaritza Batzordearen berritzearen berri eman dute. Teresa de Zavaletak presidente lanetan jarraituko du. Karguak horrela gelditzen dira:

-Presidente: Teresa de Zavaleta   
-Presidenteorde: Carlos Saharrea
-Idazkari: Mariana Arla
-Idazkariorde: Carlos Bordagaray
-Diruzain: Graciela Arlegui
-Diruzainorde: Marina Aranguren
-Batzordekide: Juan Luco
-Batzordekide: Belén Girasole
-Batzordekide: Héctor de Inunciaga
-Ordezko batzordekide: Celia Escudero
-Ordezko batzordekide: Liliana Fishter
-Ordezko batzordekide: Juan Carlos Urruspuru
-Kontu ikuskatzaile/FEVAren aurrean euskara arduradun: Elsa Usandizaga
-Kontu ikuskatzaile: Andrés Jaunsolo



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia