euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Eusketxe elkarteek euskal dantza talde berri baterako ikastaroa hasiko dute

2008/05/10

Dantzari taldea iragan abenduan Buenos Airesen ospatutako Euskararen festan ekitaldia eskainiz (argazkia EuskalKultura.com)
Dantzari taldea iragan abenduan Buenos Airesen ospatutako Euskararen festan ekitaldia eskainiz (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak (Eusketxe) eta Euskaltzaleak Euskara Akademiak euskal dantza talde berria sortzeko ikastaroa hasiko dute elkarrekin hilaren 17an. Klaseak Aitor Alava dantzari arabarrak emango ditu eta helburua 'Euskal Herriko edozein dantza talde normal baten maila lortzea izango du'. Bestalde, argentinar hiriburuko euskal komunitateak meza bat ospatuko du igande honetan Eusketxeko lehendakariordea izan zen Marta Iztueta de Guerricoren heriotzaren lehen urteurrenaren karietara, eta zendu berri diren Ignacio Telletxea Idigoras historialaria eta Henrike Knörr euskaltzaina gogoan, 'biak euskal kultur eragile galantak'.
Euskal dantza talde berria sortzeko ikastaroa maiatzaren 17an hasiko da Eusko Kultur Etxea-Casa de la Cultura Vasca erakundeak, Euskaltzaleak elkarteak eta Ekin Euskal Argitaletxeak batera daukaten egoitza nagusian (México 1880, Buenos Aires hiriburuan). Aitor Alava dantzari arabarraren eskutik, klase edo errepika-entsaioak larunbatero izango dira 16:30etatik 18:30etara 'Euskal Herriko edozein dantza talde normal baten maila lortzeko' asmoarekin.

Ikastaroan parte hartzeko ez da aldez aurretiko dantza ezagutzarik behar, adierazi dute elkarte antoilatzaileek eta gonbitea luzatu diete bereziki, ikasketak, lana edo beste zernahiren karietara Buenos Airesera bizitzera pasatu diren probintzia barneko euskal etxeetako dantzariei. Deialdiak propio aipatzen ditu baita ere, egoera berean leudekeen euskal musikariei. Izena emateko prest dauden pertsonek, edo informazio edo xehetasun gehiago nahiko luketenek 4381-4611 / 4383-1529 telefonoetara deitu, edo Euskaltzaleak-era hona idatzi edo Eusketxera hona edo hona egin dezakete.

Bestalde, hilabetero bigarren igandean gertatzen den bezala, euskal komunitateko kideek meza batera deitu dute oraingo honetan ere, kasu honetan bihar hilak 11, goizeko hamaiketan, San Juan Bautista Elizan (Alsina, izkina Piedras-ekin, Buenos Airesen). Erkidego euskal-argentinarreko kide eta lagunen aldeko otoitza proposatzen dute, oro har, eta biharko kasuan, bereziki Eusketxeko lehendakariordea izan zen Marta Iztueta de Guerricoren arimaren alde, bere heriotzaren lehenengo urteurrenean, eta baita ere azkeneko aste eta egunetan hil diren Ignacio Telletxea Idigoras eta Henrike Knörr lagun euskaltzaleen gomutan.


Lotura interesgarriak

Euskaltzaleak Buenos Aireseko Euskara Akademia
www.euskaltzaleak.org.ar

Eusketxek Euskal Herrirako bidaia zozketatzen du bi lagunentzat
2008ko apirilaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana

'Donostiako olatuak' ikusgai Eusketxe Arte Galerian
2007ko urriaren 20ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskaltzaleak-ek 2008ko eskolen egitarauari ekingo dio
2008ko apirilaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Eusko Kultur Etxeak bere 19. urtemuga ospatu zuen
2007ko urriaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia