euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Denak Bat Kultur Elkarteak Kulunka taldearen 'André & Dorine' ikustera gonbidatzen du bihar

2011/09/16

'André & Dorine' antzezlanaren irudiak (argazkia Kulunka)
'André & Dorine' antzezlanaren irudiak (argazkia Kulunka)

PUBLIZITATEA

Hegoameriketara ekarri dituen biraren barruan, hiru geldialdi egingo dituzte Euskal Herriko Kulunka antzerki taldeko kideek Argentinan. Europa eta Asiako zenbait herrialde bisitatu ondoren, San Nicolas, Buenos Aires eta Cordoban aurkeztuko da konpainia hernaniarra iraila eta urriko egunetan. Argentinako hiriburuan eta bertako Denak Bat Kultur Elkarteak gonbidaturik, doan ikusi ahal izango da bihar larunbata 'André & Dorine' antzerki lana. Hitzordua iluntzeko 8etan da, Scuola Cristoforo Colombo-ko areto nagusian.

Buenos Aires, Argentina. 2007an eta bereziki musika alorrean euskal kulturaren alde lan egiteko asmoarekin jaio zen Buenos Airesen Denak Bat Kultur Elkartea, oraingoan proposamen berri batez datorkiguna bazkide eta lagun dituenen aurrean. Xabier Iñaki de Arza Blanco irakasle euskal-argentinarrak bultzatutako erakundeari esker bideratu ahal izan da Euskal Herriko Kulunka taldeak dohaineko emanaldia ematea bihar, bere bazkide eta lagun musikazale eta euskaltzaleentzat.

'André & Dorine' antzezlanean Alzheimer gaitza da garatzen den gai nagusia. Mozorro eta keinuez baliaturik, gaixotasunak eraginda bizi den bikote baten gorabeherak kontatzen ditu testuak. Hegoamerikako biran, Kolonbia eta Ekuador dira, Argentinarekin batera, Kulunka taldeko kideek bisitagai hartu dituzten herrialdeak. Hona Argentinan, aipatu dugun emanaldi bereziaz aparte, daukaten saio egitaraua:

- Irailaren 13an, San Nicolaseko Udal Auditoriumean (joan den asteartean egina)
- Irailaren 16 eta 18an, Buenos Airesko El Cubo antzokian
- Urriaren 4 eta 5ean, Cordobako Erret Antzokian

Denak Bat Elkarteak antolatutako hitzordua, ostera, bihar, larunbata, irailaren 17an, izango da, iluntzeko 8etan, Scuola Cristoforo Colombo-ko areto nagusian, Ramsay kaleko 2251. zenbakian. 320 lagunentzako lekua dago eta ez da aurreikusten beharrezkoa izatea aldez aurretiko erreserbak egitea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia