euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boise eta San Frantziskoko euskal 'Omenaldi' meza datorren asteburuan urtean hildakoak gogoan, SFOkoa online

2022/10/26

Omenaldi meza zuzenean zabalduko dute Youtubez San Frantziskoko Gure Euskal Etxetik, aita Antton Egiguren eta aita Renee Iturbe meza emaile
Omenaldi meza zuzenean zabalduko dute Youtubez San Frantziskoko Gure Euskal Etxetik, aita Antton Egiguren eta aita Renee Iturbe meza emaile

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Datorren asteko asteartea [jai Hego Euskal Herrian]  Domusantu, Omiasaindu edo Santu Guztien Eguna denez —izen desberdinak hartzen ditu euskaraz—, euskal diasporan barrena bat baino gehiago izango dira aukera, urtean zehar euskal komunitatean hil direnen aldeko oroitzapen meza antolatzeko baliatuko duten euskal etxe eta elkarteak. Estatu Batuetan, hala egingo dute, adibidez, datorren asteburuan larunbatean Boisen, eta igandean San Frantziskon. Eta azaroan, konparazio, hilaren 20an, Kaliforniako Chinokoek.

Datorren larunbatean, urriaren 29an, Boisealdeko euskaldunek antolaturik, inguru horretan zendu diren euskal komunitateko kideak gogoratzeko elizkizuna, estatuko hiriburuko Sacred Heart elizan egingo da, 13:30etan. Ekitaldi fisikoa izango da eta parte hartu nahi duten guztiak daude gonbidatuta.

Datorren asteburuan, baina igandean, urriaren 30ean, Omenaldi meza antolatu dute baita ere San Frantziskoaldeko euskaldunek, kasu honetan Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center-en eta iaz pausatu ziren euskaldun guztiak gogoratuko dituzte. Meza goizeko 10:00etan izango da eta hau ere fisikoa izango da, baina aldi berean zuzenean zabalduko dute Youtubez [streamin-a 9:30etan hasiko da], aita Antton Egiguren eta aita Renee Iturbe meza emaile [segitu nahi dutenentzat, gogoratu EHan bezperan aldatu dela ordua, beraz meza EHko 18:30etan izango da, Argentinako 14:30etan]. Bazkari bat egingo dute ondoren Gure Euskal Etxean.

Azaroaren 20an, berriz, igandea, euren Omenaldi meza antolatu dute Hego Kalifornian Chinoaldeko euskaldunek, inguruko euskaldunen oroiz, Euskal Etxearen egoitzan, goizeko 10etan. Ondoren Chinoko euskal elkartearen hileko bazkaria partekatuko dute bertaratutakoek egoitzan bertan.

-Datorren igandeko Omenaldi meza SFOtik esteka honetan segitu ahal izango da zuzenean Youtubez
-Astero AEBko euskal meza euskaraz eta ingelesez Facebookez
-Artzai Ona AEBko euskal elkarte katolik

[barkatu aldaketak San Frantziskoko xehetasunetan, baina iritsi zaizkigun heinean joan gara argitaratzen eguneraketak]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia