euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolaritza aztertuko du datorren astean New Yorken Jone Miren Hernandezek CUNY unibertsitateko Atxaga Katedran

2022/10/26

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Bertsolaritza aztertuko du Jone Miren Hernandez antropologo eta EHUko irakasleak New Yorkeko City University-n, Bernardo Atxaga Katedrak antolatutako zenbait mintegiren bidez. 'Opacidades, ausencias y silencios en el bertsolarismo. (Re)interpretaciones feministas de una práctica cultural extraordinaria' izenburupean; saioak urriaren 31n hasiko dira eta azaroaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 11:30era egingo dira.

Hitzaldi ireki bat ere eskainiko du Hernandezek, azaroaren 4ean, 18:00etan, ‘¿Quién mató al euskara? Notas para el guión de una serie de intriga feminista’ izenburupean. Hitzaldian emakumeek euskararen bilakaeran duten eginkizunaren inguruan eta bertsolaritza bezalako adierazpen kulturaletan emakumeen parte hartzearen inguruan hainbat interpretazio aurkeztuko ditu.

Bertsolaritza, feminismoa...

Jone Miren Hernández (Lasarte, 1970) antropologian doktorea eta irakaslea da UPV/EHUn. Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta. Azken urteotan bertsolaritzak protagonismoa hartu du bere ibilbide zientifikoan. Feminismoa, generoa, emozioak, gorputza… bezalako gaiak ditu interesgune egun. Hortik ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari orokorrean.

Etxepare Euskal Institutuak CUNYn sustatzen duen Atxaga Katedraren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia