euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren edizioa kalean du XX. mendeko AEBko nafar emigrazioaren argazki albuma den 'Nafarren aztarna Far West-en' liburuak

2023/03/08

Ana Ollo kontseilaria, Pello Pellejero, Sergio Pérez, Laia Ikerketa Taldeko arduradunak eta artzain ohi batzuk
Ana Ollo kontseilaria, Pello Pellejero, Sergio Pérez, Laia Ikerketa Taldeko arduradunak eta artzain ohi batzuk

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. “Nafarren aztarna Far Westen” liburua iazko abenduan argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak eta astebetean agortu zen. Lehenengo edizioaren arrakastaren ondoren, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok bigarren edizioa aurkeztu zuen joan den ostegunean Iruñean. Ekitaldira Pello Pellejero, Eskualdeen arteko Lankidetza eta Kanpo Herritartasun zerbitzuko zuzendaria; Sergio Pérez, Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia; Laia Ikerketa Taldeko Jaione Inda, eta besteak beste Euskal Artzainak Ameriketan, Elutseder eta Irati Bortuak elkarteetako ordezkari eta kideak eta haien bizipenak kontatu zituzten artzain ohiak bertaratu ziren.

Ollo kontseilariak azpimarratu zuen liburuarekin Gobernuak omenaldia egin nahi diola emigranteari, kasu honetan, Amerika mendebaldean euskal artzainaren esperientzia bizi izan zuten nafar guztiei. 'Nafarren aztarna Far Westen' liburuak abentura hartako 150 irudi baino gehiago biltzen ditu eta migrazio-fenomenoa azaltzen duten testu labur batzuek osagarri dituen Amerikako euskal artzainen lekukotasun grafikoa eskaintzen du. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, ingelesezko eranskin batekin eta Estatu Batuetara emigratutako 1.400 nafar haien zerrenda ere eskaintzen du, bakoitza nongoa den adieraziz.


Osteguneko prentsaurre eta aurkezpen ekitaldiko bideo osoa, hainbat lekukotasun barne

Liburua Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako Departamentuak argitaratu du, kanpoan dauden herritarrekin harremantzeko NEXT estrategiaren baitan, eta lan zabalago baten parte da, XX. mendean Nafarroatik Estatu Batuetara gertatu zen emigrazioari buruz Laia Ikerketa Taldea Gobernuarentzat egiten ari dena. Alderdi grafikoan Lesakan egoitza duen 'Euskal Artzainak Ameriketan', Erroko 'Elutseder', eta Aezkoako 'Iratiko Bortuak' elkarteen bilketa lanari zor zaio. Migrante eta migranteen ondorengo askorentzat gehiago izango da oroitzapen partekatuen argazki album bat, liburu bat baino.

-Liburua salgai Nafarroako Gobernuaren webgunean, hemen
-Baita hemen ere



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia