euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsoplaza.tv, bertso bideoak ikusi, bozkatu, komentatu eta igotzeko aukera ematen duen internet ekimen berria

2008/03/10

"Bertsoplaza.tv" webguneko irudia
"Bertsoplaza.tv" webguneko irudia

PUBLIZITATEA

Bertsoplaza.tv, bertsoarekin zerikusia daukaten bideoak ikusi, komentatu, bozkatu edota norberak egindakoak igotzea ere ahalbidetzen duen interneteko ekimena da. 'Edozeinek, munduko edozein lekutik ikusi, komentatu eta bozkatu ditzake bideoak eta berak grabatutakoak ere igo, euskal bertsoekin edo, Diasporatik, esaterako, baita ere, beste kulturetako inprobisatzaileen bertsoekin', azaltzen du proiektuaren bultzatzaile den Ion Ansak. Otsailaren 22an sareratu zuen Bertsozale Elkarteak, bost hizkuntzetan izan ere: euskaraz, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta katalanez. Lehenengo bi hilabeteak proba gisa erabiliko dira eta orain arte 11 eta 310 ikustaldi artean izan ditu bideo bakoitzak.
Bertsozale Elkarteak sortutako Internet bidezko telebista hau bertsozaleei eta bertsolaritzan interesa duen ororentzat zuzenduta dago. Era askotariko bideoak daude ikusgai webgunean: gaurkotasuneko saioak, saio historikoak, jendeak bidalitako bideoak, elkarrizketak, erreportaiak, artxiboko saioak, beste kulturetakoak eta analisiak (adituen analisiak eta kritikak). Proiektuak, bestalde, euren bideoak oso modu errazean zintzilikatzeko eta komentarioak egiteko aukera ematen die erabiltzaileei, gehien gustatu zaizkien bertsoak hautatzeko aukera ere emanez. Azken egunetakoen artean, esaterako, Amets Arzalluzek kantatutako Espainiako ereserkia nabarmendu dela dirudi.

Nahiz eta proiektua duela aste gutxi abiatua izan, Bertsoplaza.tv webguneko kideek etorkizunerako ideiak prestatzen hasiak dira dagoeneko. 'Honakoa aukera asko ematen dituen tresna da. Eta ideiak bai, asko dauzkagu. Gure helburua erabiltzaileen ekarpenekin atal berriak sortzea da. Zentzu horretan, aukera ematen die Diasporan dabiltzanei, euren bertsoak edo herrialde bakoitzean egon daitezkeen tokiko inprobisatzaileen bideoak igotzeko, eta beste kulturetako emaitzak gure artean ezagut arazteko', azaltzen du Ion Ansak.

Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen, 'bertsoaren bitartez jaso dugun ondareak geroa izan dezan ziurtatzeko'. Gaur egun Euskal Herri osoko 'mila zazpi ehun eta berrogeita hamar bertsolari eta bertsozale' batzen ditu, webgunean bertan aipatzen denez. Irabazi-asmorik gabeko elkarte soziokulturala da eta 'bertsolaritza sustatzea' da bere helburu orokorra. Bertsolaritzaren geroa ziurtatu asmotan alor ezberdinak lantzen ditu, horretarako lan profesionala eta borondatezkoa uztartuz.


Lotura interesgarriak

Bertsoplaza.tv webgunea
www.bertsoplaza.tv

Bertsozale Elkartearen web orrialdea
www.bertsozale.com

Bertsoa.com webguneak 100.000 bisitatik gora eduki ditu urtebetean
2008ko otsailaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia