euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Belgranoko Gure Etxea, bere ekintzen berri ematen zuen stand batekin partaide General Belgrano Rock 2022 jaialdian

2022/11/24

General Belgranoko Gure Etxea-ko Zuzendaritzako zenbait kide stand-ean: Bárbara Pérez Arrúa dantza taldeko arduraduna, euskara irakasle Natalia Urcola, Sonia Etchelet lehendakaria, Juan Martín Iribarne garagardogilea eta Federico Arambarri
General Belgranoko Gure Etxea-ko Zuzendaritzako zenbait kide stand-ean: Bárbara Pérez Arrúa dantza taldeko arduraduna, euskara irakasle Natalia Urcola, Sonia Etchelet lehendakaria, Juan Martín Iribarne garagardogilea eta Federico Arambarri

PUBLIZITATEA

General Belgrano, Argentina. Hamar urte baino gehiago igaro dira egin gabe, baina pasa den asteburuan “General Belgrano Rock” jaialdia itzuli egin da izen bereko Buenos Airesko herrira. Bertako euskal etxeak, Gure Etxea elkarteak, bat egin zuen ekitaldiarekin eta stand bat ipini zuen bere kultur ekintzen berri zabalduz eta baita janari eta edari menu bat eskainiz ere. Azpimarratzeko eta berezia, EEko bazkideetako batek ekoiztuta saldu zuten artisau garagardoa.

General Belgranoko Udaleko Kultura saila antolatzaile, jaialdia tatuajegileen, artisauen eta ekintzaileen topaketa ere izan zen. Bertako eta inguruko herrietako ehunka lagun bildu ziren Primero de Agosto plazara eta Euskal Etxearen stand-era hurreratzen zirenek, mokadua edota artisau garagardo pinta edo pinta erdia eskatzearekin batera, aukera zeukaten ikasteko gaztelaniazko 'gracias', 'eskerrik asko, esaten dela euskaraz, hori ikurrin eta lauburu ugariz jositako saltoki batean.

"Parte hartzea beti da ona"

Sonia Etchelet da Gure Etxea-ko lehendakaria, eta bere esanetan Euskal Etxeak bertan parte hartzea oso positiboa izan da eta bat egiten du erabat, elkarteak euskaldunei eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematearren bere araudian aitortzen dituen helburuekin. “Kasu honetan, janaria eta kalkoak saltzeaz gain, Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko eskuorriak banatzen genizkien gure lekura hurbiltzen zirenei", azaldu dio EuskalKultura.eus-i.

Etcheleten aburuz, "partaide izatea, parte hartzea, beti da ona eta onuragarria, talde gisa sendotzen gaituelako, denok batera xede beraren alde lan egiten dugulako”, baietsi dio gure buletinari". Gogoratu behar da Gure Etxeak, ia hiru hamarkada geldituta jardunik izan gabe egon ondoren, 2017an erabaki zuela berriz elkartu, elkartea berrabiatu eta jarduerei ekitea, eta gaur egun gogotsu diharduela pandemiak Argentina osoko hainbat elkarte bolondres eta ez-bolondresetan ezarritako egoera atzean uzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia