euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begoña Echeverriak ostiralean aurkeztuko du online noka eta emakumea ardatz duen «Witches» and Wily Women liburua

2021/05/19

Nokaren aldeko defentsa sutsua egiten du Begoña Echeverria euskal kaliforniarrak liburu honetan, euskal folklore eta kantuetan barrena
Nokaren aldeko defentsa sutsua egiten du Begoña Echeverria euskal kaliforniarrak liburu honetan, euskal folklore eta kantuetan barrena

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Bizi dugun testuinguruan, pandemiaren presentzia oraindik ere hein handiago ala txikiagoan bolada baterako gure artean "lagun" izango dugula, birtualitateari etekin eta emaitzak ateratzeari ekin zioten munduko euskal elkarteen artean, Boiseko Euskal Museoa dago. Datozen egunetarako ere, bizi-bizi heldu zaizkigu bere proposamen berriak, Boisetik baina mundu osora zabalduak, hori baita sasoin berriak bildu digun ezaugarrietako bat. Ekitaldiak leku jakin batetik --edo gehiagotatik-- egiten edo koordinatzen dira, baina sareratzerakoan mundu osoari zuzentzen zaizkio, bi norabideetan, nonahi zaudela sar baitzaitezke.

Halaxe gertatzen da, esaterako, Boiseko Museoak ematen dituen euskara klaseekin, irakasleak Boisetik eta AEBtik kanpo ere kontratatu baitituzte, eta ikasleak Boisekoak, baina AEBko leku urrunetakoak eta AEBtik kanpokoak ere inguratu baitzaizkio aurten Museoari, eta ez gutxi. Onlinetasuna tresna baliagarria den honetan, aste honetako ostiralean Euskal Museo boisetarrak antolatu duen liburu aurkezpenak ere, bazter guzietako partaideak bilduko ditu seguruenik, Museoaren Zoom konexioa bitartekari. Saioan, Begoña Echeverria Chinoko kaliforniar euskaldunak bere "Witches" and Wily Women liburua aurkeztu eta hartuko du hizpide.

Emakumeak eta emakumeen egoera eta ekarpena bereziki ezagutu eta ikertzea maite du Begoña Echeverriak kaliforniarrak. Chinoaldean euskaldun jaio eta hazia, kantari gisa ere Noka taldea osatu zuen bere bi lagun Cathy Petrissans eta Andrea Bidart-ekin batera. Ikasketaz eta ogibidez soziologo eta unibertsitate-irakasle, euskal komunitateko kide aktiboa da eta txikitandik etxean aita-amengandik ikasi zuen euskaltasuna Chinoko Euskal Etxeko kide gisa ezezik esparru akademikoan eta bere ekoizpen jasoagoan ere islatu eta isuri du.

Aipatu izan dugu lehenago orrialdeotan Picasso Presents Gernika izenpeko dokudrama aurkeztu zuela apirilean, Gernikako Bonbardaketaren 84. urteurrenaren bezperetan. Eta lehenago The Hammer of Witches (Sorginen mailua) eleberria argitaratu, bere gurasoen Baztanen eta Inkisizio garaiko euskal sorgin giroan girotua. Oraingoan, “Witches” and Wily Women. Saving Noka throught Basque Folklore and Song liburua besapean datorkigu, izenburua nolabait euskaratuta "Sorginak" eta emazte maltzurrak. Noka euskal folklore eta kantugintzan erreskatatuz izenburua har zezakeena.

Liburua, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren Argitaletxeak plazaratu du eta ostiral honetan, maiatzaren 21ean, aurkeztuko da, bertako 19:00etan, Euskal Herrian larunbat goizaldeko 3:00ak direla, Boiseko Euskal Museoa antolatzaile, Zoom bidez. Doan bada ere, aldez aurretik behar da izena eman. Argibideak hemen. Kontsultetarako: info@basquemuseum.eus.

-Liburua erosteko, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia