euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahía Blanca: “Adiskidetasuna eta familia”, Unión Vascako Beti Aurrera edo euskal dantzarekiko 75 urteko konpromisoa

2023/08/08

Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeko “Beti Aurrera” dantza taldeak 75 urte egingo ditu abuztuaren 15ean eta asteburu batez ospatuko du. Eskerrik asko eta Beti aurrera!
Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeko “Beti Aurrera” dantza taldeak 75 urte egingo ditu abuztuaren 15ean eta asteburu batez ospatuko du. Eskerrik asko eta Beti aurrera!

PUBLIZITATEA

Bahía Blanca, Argentina. Euskal dantza talde bat osatu eta urte osoan eustea, urterik urte, gogo biziaren, engaiamendu, dedikazio eta etengabeko ahalegin nabariaren seinale da. Eta lekuko hori 75 urtez ilusioz transmititzen segitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; izan ere, ospakizun handia merezi du. Hala ulertu dute Bahia Blancako Unión Vascako Beti Aurrera dantza taldeko kideek: abuztuaren 15ean brillantezko ezteiak beteko dituzte euskal dantza lantzen eta asteburu osoan zehar ospatuko dute, garai guztietako dantzariak gonbidatuz eta herrialde osoko gainerako dantza taldeetako zuzendari ugari lagun dituztela.

Egitarau osoa Union Vascako egoitzan garatuko dute. Abuztuaren 25ean, ostiralean, hasiko da, mus txapelketa eta afari batekin, Euskal Etxeko Txokoan. Larunbatean, FEVAk antolaturik eta Bahia Blanca bertako Josetxu Astolfik eta Manu Irastorzak koordinaturik, dantza taldeetako zuzendarientzako tailerra burutuko dute, Argentinako Euskal Etxeetako zuzendari lagun andana partaide. Iluntzean, Beti Aurrerako egungo kide guztiek, eta dantzari ohiek, Euskal Dantza Gaualdia eskainiko dute. Ondoren, erromeriaren txanda izango da, dantzariek beraiek prestatutako afaria eskainiz. Eta amaiera gisa, igandean, senidetasun bazkaria partekatuko dute.

Belaunaldiz belaunaldi, eskuz esku, euskal kultura transmititzen

“Oso harro gaude dantza taldearen ibilbideaz. Hunkitu egiten gaitu ikusteak nola, urterik urte, belaunaldiz belaunaldi, gure kulturarekiko maitasuna transmititzeko gauza garen eta ilusioa etxeko marka eta ondare dugun, transmisioaren lekukoak, esaterako, musika edo sukaldaritza ere biltzen dituela, arlo hauek baitira dantzarekin batera, gehien lantzen ditugun arloak. Lana beti talde gisa egiten dugu, eta horrek, guztiok baliatzea eta guztiok gozatzea eragiten du. Beti Aurrera, adiskidetasuna eta familia da aldi berean”, aitortzen dio Edurne Irazustak EuskalKultura.eus-i.

Gaur egun, 60 dantzari inguruk osatzen dute Beti Aurrera, lau taldetan banatuta. Txikienek, Txiki-txikiak deiturikoek, bost urte bete artekoek, Aranzazu Gil Irazusta, Graciana Koehler eta Romina Larrañagaren eskutik ematen dituzte lehen urratsak. 5 urte eta 11 urte bitartekoak, Txikiak, Juana Marcos eta Paloma Iriarteren ardurapean daude. 11 urte 15 urte bitartekoak, Ertainak, Rosario Malangak eta Francisca Iriartek zuzentzen dituzte. Eta, 15 urtetik aurrera, Helduek, Edurne Irazusta buru dela egiten dute lan.

Zorionak dantzariok, eta Beti Aurrera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia