euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azken aukera Rosario 2012ko Euskal Asteko Testu eta Afixe lehiaketetan parte hartzeko

2012/09/29

Euskal Astea 2007an, Zazpirak Bat-ek 95 urte zituela, egin zen azken aldikoz Rosarion.
Euskal Astea 2007an, Zazpirak Bat-ek 95 urte zituela, egin zen azken aldikoz Rosarion.

PUBLIZITATEA

Aurten Rosarion urriaren 26tik 28ra bitartean egingo den Euskal Argentinar Aste Nazionalak deitutako Testu eta Kartel Lehiaketan, helduenean edo txikienenan, parte hartzeko asmoa bazeneukan eta oraindik egin ez baduzu, erne egon zaitezke, azken aukera baitaukazu zure lanak bertara bidaltzeko. Irailaren 30a izan da ipinitako epe muga, nahiz eta, antolatzaileek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, malgutasunez jokatuko duten epeari begi zabalez begiratuz, baina dena den, epea gainean da eta zeure lana(k) nabarmentzeko aukerak ere datozen ordu edo egunetan ahituko dira. Parte hartu nahi izatekotan, egizu berehala!

Rosario, Argentina. 2012ko Euskal Argentinar Astearen egutegiak aurrera darrai, beherazko kontaketan, eta hiru aste pasexe baino ez dira geratzen euskal argentinarren urteroko hitzordu berezi hau gauzatzen has dadin. Egitarauko deialdi eta proposamenen artean, betea da ia Euskarazko Testuen eta Afixeen lehiaketa, helduen zein gaztetxoen arloan, parte hartzeko aukera, Argentinako partaideei baina baita Brasil, Txile eta Uruguaikoei ere zuzendua, arauek propio adierazten dutenez.

"Cien años de abertzalismo" da Rosarioko Zazpirak Bat-ek bere mendeurreneko ospakizunei ekiteko hautatutako leloa eta hari beretik "Abertzaleak gara" da Testuen Lehiaketarako hautatutako gai eta izenburua. Kartel edo afixeen lehiaketari dagokionez, 50 x 70 neurrikoak beharko dute izan. Entregatzeko epea, irailaren 30a; eta nahiz eta malgutasunez jokatuko dutela adierazi diguten, gomendagarriena epeak ez agortzea izango litzateke.

Idazlan lehiaketari dagokionez, partaideak banaka ala taldeka har dezakete parte, aipatu lau herrialde horretako euskal etxeetako euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleak aipatzen direlarik propio. "Abertzaleak gara" izenburupean, deskribapenak, kontaketak, biografiak, pasadizoak, egiazkoak zein asmatuak aurkez daitezke, euskaraz beti ere. Gutxienez 50 hitz eta gehienez 200 izango dituzte, Times New Roman motako 12 puntuko letra eta lerroarteko bi hutsunez. Testuek izenburua beharko dute izan, izengoitiz sinaturik eta e-mail bidez bidalita.

Baldintza guztien berri, informazio gehiago eskuratzeko edo lanak bidaltzeko, idatzi hona: rosbazok@zazpirakbat.com (eta lana igortzeko bada, bidali kopia Alejo Contiri, acleproso@hotmail.com helbidera).

Kartel lehiaketari dagokionez, aurreko lehiaketako euskal etxe eta herrialdeetako partaideak aipatzen dituzte oinarriek, banaka ala taldeka, pertsona edo talde bakoitzak lan bat behino gehiago aurkez dezakeela. Lanek 0,35 x 0,50 metroko neurrikoak beharko dute izan, tenperaz, rotuladorez edo inpresioz eginak. Arkatzez egindakoak ez dura onartuko.

Aurreko lehiaketan bezala, itsatsi beharko diren datuak dira: izen-deiturak, Nortasun Agiri zenbakia, telefonoa, emaila, herria, herrialdea eta euskal etxea, Euskal Etxeko euskara erreferentea, eta euskara ikasle den edo ez. Lanak helbide honetara bidali beharko dira:

Kartel Lehiaketa - Euskal Astea
Centro Vasco Zazpirak Bat
Entre Rios 261 (2000) Rosario

Sariak bi lehiaketen kasuan euskarazko materialak izango dira (literatura, musika, zinema) eta Euskal Asteko amaiera bazkarian emango dira, urriaren 28an.

Txikien kartel lehiaketak ere arau beretsuak dauzka. Gaiak euskal zeinahi gai izan ahal izango du. Kasu honetan lanok helbide honetara bidaliko dira: Txikien kartelak Centro Vasco Zazpirak Bat Entre Rios 261 (2000) Rosario.

(Hemen emandako datuak oinarrien laburpena besterik ez dira. Informazio osoa eskuratzeko, idatzi gorago eman ditugun emailetara edo sartu Zazpirak Baten eta Euskal Astearen webguneetara)

-Zazpirak Bat-en webgune nagusia: www.zazpirakbat.com
-Mendeurrenaren mikrogunea: www.zazpionline.com.ar
-FEVAren webgunea:
www.fevaonline.org.ar
-Euskaldunak Argentinan argazki lehiaketa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia