euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Euskaldunak Argentinan’ argazki lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatzen du Rosarioko Zazpirak Bat-ek

2012/07/06

'Euskaldunak Argentinan' argazki lehiaketaren afixa
'Euskaldunak Argentinan' argazki lehiaketaren afixa

PUBLIZITATEA

Diseinatzaile eta artisten ahalegin eta lana saritu eta irudi euskal argentinarrak sustatzeko asmoarekin argazki lehiaketa bat jarri du abian Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak. Lanak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira eta gaia euskal kutsua Argentinan, esan nahi baita Argentinako ohituretan, lan arloan, kiroletan eta aisialdian nola islatzen den izango da. Irabazleei dagokienez, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuak lortzen dituztenek esku diruko saria jasoko dute eta Rosarioko Udaletxeak antolatutako erakusketa batean parte hartzeko ohorea. Lanak Rosarioko Argazki Lagunartearen egoitzara bidali behar dira – Urquiza kaleko 2124. zenbakira – eta aurkezteko epea 2012ko abuztuaren 31an bukatuko da.

Rosario, Argentina. Mugimendu handiko urtea da hau Rosarioko euskal etxeko lagunentzat erakundearen mendeurrena eta bertan egingo den Euskal Aste Nazionala direla eta.  Garrantzi handiko bi ekimenen baitan, argazki lehiaketa batean parte hartzera ere deitzen dute Zazpirak Bat-eko kideek. Lehiaren helburua Argentinan dauden euskal aztarnak agerian utzi eta erakustea da eta hori egiteko euskal artistak, euskal jatorrikoak eta argentinarrak oro gonbidatzen dituzte. Hona hemen parte hartzeko oinarriak:

-Lanak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira. Egile bakoitzak lau lan aurkez ditzake gehienez, aukeran argitaragabeak. Ez da ezarriko kategoriarik eta ikuste-arte arlo guztiak onartuko dira. Gaia euskaltasuna Argentinan behar da izan, esan nahi baita euskal aztarna Argentinako ohituretan, lan arloetan, kiroletan eta aisialdian nola islatzen den agertzea. Euskal etxeak ez luke bere gain hartuko ezein plagioren ondoriorik halakorik gertatuko balitz.

-Lanen neurriak honakoak izango dira: gehienez 30 x 40 cm. Irudian ezin da agertu egilearen inongo daturik. Argazkiaren atzekaldean, berriz, datu hauek zehaztuko dira: egilearen deiturak; obraren izenburua; euskal etxe baten izenean aurkezten bada, zeinetakoa den; eta kontaktatzeko telefono zenbakia edota helbide elektronikoa. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31ean bukatuko da. Lanak Argazki Lagunartearen egoitzan jasoko dira, Urquiza kaleko 2124. zenbakian, Rosarion, Santa Fe probintzian. Argazkiak behar bezala babestuko dira garraioan kalterik izan ez dezaten. Euskal etxeak ez du bere gain hartuko ardurarik kalterik gertatuz gero.

-Epaimahaikideek boto gehien biltzen dituen lana sarituko dute. Emaitzak 2012ko irailaren 14 eta 21en artean jakinaraziko dira; partaideek euskal etxearekin jarri behar izango dute kontaktuan emaitzak jakiteko. Sariak: 3.000 peso lehenengo postuarentzat, $ 1500 bigarrenarentzat eta $750 hirugarrenarentzat. Horrez gain hiru aipamen berezi egongo dira, eta kasu hauetan ere lanak euskal etxearentzat geratuko dira. Diru kopuru hori behin betikoa da, zergak barne, eta euskal etxeari ematen zaio lanen jabetza. Irabazleek ordainagiriak eskuratu behar izango diote erakundeari.

-Lan sarituak, aipamen bereziak jasotzen dituztenak eta hautatuak, erakusgai egongo dira Rosarioko Udalaren erdiguneko barrutian, urriaren bigarren hamabostaldian.

-Partaideek --sarituek eta saririk jaso ez dutenek-- izango dute lanak eskuratzeko ardura. Hautatuak izan ez diren argazkiak eskuratzeko, hitzordu bat adostu beharko da, 2012ko abendua baino lehen, telefono zenbaki honetan: 0341- 156-431819.  Parte hartzeak oinarri hauen onarpena dakar. Informazio gehiago eskuratzeko, jo rosbazok@zazpirakbat.com helbidera. 

Lotura interesgarriak

Zazpirak Bat euskal etxearen webgunea
www.zazpirakbat.com.ar




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia