euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurrera euskal etxearen partaidetza nabaria Baradero hiriaren 4. mendeurreneko ekitaldietan

2015/09/08

‘Nuestros Aitonas’ (Gure Aitonak) liburuaren aurkezpena uztailaren 23an izan zen, Edelweiss hotelean
‘Nuestros Aitonas’ (Gure Aitonak) liburuaren aurkezpena uztailaren 23an izan zen, Edelweiss hotelean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Baraderoko euskal etxeak ez dauka momentu honetan aktibitate jarraiturik; hala ere, euskal ondorengo ugari daude eskualdean eta arbasoen omenez euren presentzia bermatu nahi izan dute hiriaren 400. urteurreneko ospakizunetan. Helburu horrekin euskal elkarteak zenbait ekintza antolatu zituen udal programaren barnean, tartean ‘Nuestros Aitonas’ (Gure aiton-amonak) liburuaren aurkezpena eta haritz baten landatzea. Etorkizunari begira mezu bat ere prestatu zuen euskal etxeak.

Baradero, Argentina. Diasporako erakundeek askotan izaten dituzte gorabeherak euren ibilbideetan; mugimendu handiko bolada baten ondoren geldialdia etortzen da, eta kontrakoa ere –geldialdiari erantzuten, proiektuak– gertatu ohi da. Une honetan, Baraderoko Aurrera Euskal Etxean ez dago talde kopurutsurik lanean; hala ere, Neska de Elorduy eta Griselda Esconjaureguy-ren eskutik, euskal gizataldeak zegokion lekua izan zuen hiriaren 4. Mendeurreneko ospakizunetan eta elkarteak proposatutako ekintzek publiko ugari –tartean Aldo Carossi alkatea, hiriko hainbat agintari eta baita hedabideak ere– bildu zen heietara.

Proposamenen artean, ‘Nuestros Aitonas’ (Gure aiton-amonak) izenburuko liburua aurkeztu zuen Aurrera Euskal Etxeak, Edelweiss hoteleko areto nagusian. Esconjaureguyk berak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso une hunkigarriak bizi izan genituen; negar eta guzti egin genuen gure aitona-amonen historiak gogoratu genituenean. Zeremoniari hasiera emateko, Alberto Cortezen ‘El abuelo’ abestia kantatu zuen Fernando Beyer musikariak eta horrek deia, bihotza ukitu zigun”.

Liburuaren aurkezpenean, euren familiaren historiak idatzi zituztenek azaldu zuten zergatik animatu ziren lan hori egitera. “Ahaideen arteko loturek bizirik dirautela ikusi ahal izan getuen eta hori ederra izan zen”, kontatu digu Aurrerako idazkariak. Gogora dezagun ‘Gure Aitonak’ liburua atalka dagoela antolatuta, bertako euskal herritarren ekarpenekin, honako edukiekin: Euskal Herriari buruzko informazioa, ikurrinaren historia eta Aita Gurea euskaraz; herriko euskal ondorengoen istorioak; eta argazki bilduma bat. 

Laugarren Mendeurrenaren baitan egindako ekintzen artean, uztailaren 28an ‘Euskaldunen arteko elkarrizketa’ izeneko argitalpena aurkeztu zela ere behar da aipatu. Antolatzaileek adierazi dutenez “euskal jatorrizko familia batzuk bildu ziren musika eta literatura uztartu zituen elkarretaratzera”.

Haritz bat ere landatu zuten euskal etxeko kideek, Baraderoko Perito Moreno eta Saavedra kaleen izkinan. “Euskal ikurra den arbola San Ignacio auzoan landatu genuen, bertan izan zirelako lehenengo Golonechea (sic) Labeak” azaldu digute euskal etxetik.

San Inazio eguna ospatzeko egindako ekintzekin bukatu zen euskal gizataldearen partaidetza Baraderoko Laugarren Mendeurreneko programan. Abuztuaren 5ean –ekintza atzeratu behar izan zen eguraldiagatik– euskal etxearen historia papertua zeraman kutxa bat lurperatu zuten erakundeko arduradunek, ehun urte barru, hurrengo belaunaldiek, lurpetik atera eta irakur dezaten. Zeremonia Colon Plazan izan zen, beste hainbat kolektibitate lagun. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia