Boise, Idaho, AEB. Arrakasta handiko hiru edizioren ostean, Estatu Batuetako euskal diasporako gazteen eta Euskal Herriaren arteko lokarriak eta elkar-ezagutza sustatzen dituen Ateak Ireki programa erabat finkatuta dagoela esan daiteke, eta ekimen hau Ipar Amerikako euskal diasporaren programen egutegian leku garrantzitsua betetzen duela dagoeneko. Gauzak garaiz egiten dituzte, eta baieztatu berriak dituzte datorren edizio honetako datak, oso kontuan izan beharreko beste berri batzuekin.
Euskal Herriko egonaldia 2026an, ekainaren 27tik uztailaren 19ra izango da, eta deialdia aurten 18 eta 25 urte arteko gazteei zuzendu zaie. Hiru asteotan zehar, euskal kulturan murgilduko dira gazte iparramerikarrak eta Euskal Herriko herri eta hiri ugari bisitatzeaz gain, bertako kultura adierazpen nagusiak ere gertutik ezagutuko dituzte, musika, dantza, sukaldaritza edo euskal jaien alorrean, euskarari dagokion garrantzia emanez, euskara eskolak tarteko. Parte hartzaileek ez dute euren egonaldia ordaindu behar izango, bakarrik joan-etorria Euskal Herriraino.
Interesatuek, bestalde, ezin izango dira programatik atera egonaldiak irauten duen bitartean eta lagunei edo familiari bisita egin nahi dizkietenek programa hasi aurretik edo bukatu ondoren egin beharko dute. Ber denboran eskaera egiterakoan, NABOko kideak ez direnek izena eman ahal izango dute, baina azken onarpena jaso baino lehen NABOko kide den euskal etxe batean kidetu beharko dute. Izena emateko epea abenduaren 7an bukatuko da. Informazio osoa hemen kontsulta daiteke.
Begirale baten bila
Edizio berri honetarako, sostengu-emaile edo aholkulari lana egin dezakeen gazte heldu baten bila ari dira antolatzaileak, gutxienez 21 eta 25 urte artekoa, Euskal Herrira joango den taldean sostengua beharko luketei laguntza emateko. Hautaketa prozesuan, Ateak Irekiren aurreko edizioetan parte hartu dutenek lehentasuna izango dute eta bidaia osoko gastuak programaren kontu izango dira. Argibideak hemen.
Goierriko familiei ere deialdia
Gazteei egindako deialdiarekin batera, Goierriko familiak ere gonbidatu dituzte Ateak Ireki-ko arduradunek, 2026ko edizioan anfitrioi izateko. Goierri eta inguruko eskualdeetan bizi den edozein familia izan daiteke anfitrioi: bikoteak, seme-alabak dituzten familiak, pertsona bakarrak… “Garrantzitsuena parte-hartzaileei giro segurua, adeitsua eta euskara praktikatzeko aukera eskaintzea da”, adierazi dute. Jasoko dituzten abantaila berrien artean,“ekimenean parte hartzen duten familietako gazteek aukera izango dute NABOk AEBn urtero antolatzen den Udalekuan laguntzaile moduan jarduteko”. Familia interesatuek hemen eman dezakete izena.
Ateak Irekiren babesleak publikoak zein pribatuak dira, euskal-estatubatuarrak zein Euskal Herrikoak, tartean daudela Eusko Jaurlaritza, NABO, Batzen (Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika), Goieki (Goierriko Garapen Agentzia) eta Maizpide Euskaltegia.
- Ateak Ireki Instagram-en, ateak_ireki

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



