euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Artista bertan dela bihar irekiko da Donostian Iñaki Echeverria ilustratzaile argentinarraren “Itzuleraren Kronikak” erakusketa

2022/05/31

Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da ikusgai Iñaki Echeverriaren "Itzuleraren kronikak" erakusketa
Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da ikusgai Iñaki Echeverriaren "Itzuleraren kronikak" erakusketa

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Bihar asteazkena, ekainaren 1a, zabalduko da Donostian Iñaki Echeverria ilustratzaile argentinarraren 'Itzuleraren Kronikak' erakusketa, Intxaurrondoko Kultura Etxean, eta aurrenekoz artista bertan izango da. Euskal jatorriko artista argentinarraren erakusketa honek 2020ko azaroan ireki zituen estreinekoz ateak Hondarribian, Arma Plazako erakusketa aretoan, eta 2021eko uztailean gauza bera egin zuen Gasteizen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Arabako Ordezkaritzan.

Ilustrazio eta testu elebidun (euskara-gaztelania) sorta bat da, Echeverriak berak 2019ko amaieran Euskal Herrira egindako bidaia batean oinarrituta. Iñakik Argentinara duela 100 urte baino gehiago migratu zuten arbasoen lurraldera itzuli izanaren esperientzia ilustratu zuen. Sabrina Oteguik euskaratu ditu testuak, Buenos Airesko Unibertsitateko Letretan Lizentziatua eta La Platako Unibertsitate Nazionaleko Etxepare Institutuko Irakurlea denak.

Asteazkeneko egitaraua arratsaldeko 5etan hasiko da, bisita gidatuarekin artista beraren eskutik. Gero, Luke Armstrong musikari britaniarrak folk britainiar tradizionalaren eta musika modernoaren arteko fusio kontzertua eskainiko du. Ekitaldia osatzeko, 18:30etan, Echeverríak eta Alfonsina Leranoz Buenos Aireseko Unibertsitateko Artearen Historialari eta proiektuko partaideak solasaldia partekatuko dute jendaurrean.

Faltan bota al daiteke itzultzea norberak sekula utzi ez zuen lur batera? Ondoko bideo hau ikusteko gonbitea egiten dizugu, erakusketa argitzen dizu eta bere egileak, euskal argentinarrak, aurkezten.

Erakusketa ekainaren 23ra arte bisitatu ahal izango da Intxaurrondoko Kultura Etxean, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era. Proiektuak Juan Celaya Fundazioaren eta Donostia Kulturaren babesa du, eta Talka Galeriako Gorka Basterretxeak koordinatzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia