euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta ederra lortu zuen San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak sosa biltzeko antolatutako "Drive-Through" afariak

2020/09/18

PUBLIZITATEA

South San Frantzisko, AEB. Gogora dezagun iragarri bezala joan den larunbatean egin zuela San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak orain arte egin gabeko ekimen bat, alegia normalean bere Jaialdia piknik bestan zerbitzatzen dituen janari-edariak prestatu eta "drive-through' bidez  zerbitzatu, esan nahi baita, aldez aurretik manatu edo enkargatuta, egun eta ordutegi jakin batean eman bertara autoz joandako lagunei lehiatilatik pasa, autotik atera gabe, bakoitzak bere etxean kontsumitzeko, hau guztia koronabirusak eragindako egoeragatik.

Ez da ahaztu behar koronabirusaren egoerak gogor kaltetu dituela munduan zehar elkarte asko, horien artean euskal etxeak eta are gehiago jatetxea daukatenak, ekitaldiak bertan behera uztearekin batera, diru-sarrerak ere moztu edo zinez jaitsi baitira. San Frantziskoko Euskal Etxeko jatetxeak, pandemiagatiko itxialdia jasan arren, hasieratik erabaki zuen ordaintzen segituko ziela bere langileei. Baina euskal etxe gisa ere, diru-iturri garrantzitsu duen abuztu azkeneko bere Jaialdia ere bertan behera utzi behar izan zuen, eta hortik, izan ere, beste ekimen "drive-through" hau egiteko proposamena, zinez arrakastatsu eta lagungarri suertatu dena, 130 bat auto pasatu baitziren Gure Euskal Etxetik, 500dik gora anoa salduz.

Jendea auto barruan ilaran zegoela bere txandaren zain, San Frantziskoko Basque Club-eko Zazpiak Bat taldeko gazteek dantzatu zuten, lanean zein goaitatzen ari zirenen gozagarri. Zerua badia aldean gorrixka eta ilun eta gorrixka estalia Kalifornia jasaten ari den suteen ondorioz, Euskal Diaspora Eguna ospatzeko modu polit hau izan zuten San Frantziskon, elkartasunez Gure Euskal Etxea lagundu eta aitzinarazten.

Hona eguna laburbiltzen duen bideoa, argazkiak ere tartekatuz. Lan eta emaitza ederra, komunitate oso bat atean duena.

-San Frantziskoko Basque Cultural Center-Gure Euskal Etxeari dohaintzan egiteko, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia