euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aritz Azkue, ingeniari zarauztarra: «Erronkak dauzkat aurrean eta horiek motibatzen naute Mexikon segitzearren»

2020/03/23

Aritz Azkue Palenque-ko arkeologia eremua bisitatzen Chiapas-en.
Aritz Azkue Palenque-ko arkeologia eremua bisitatzen Chiapas-en.

PUBLIZITATEA

"Alda dezagun momentu batez gaia, eta koronabirusa alde batera utzi eta egin dezagun beste zerbait, Aritz Azkue zarauztar gaztearengana hurbilduz eta Mexikon daraman bizitza hobeto ezaguna nahian. 27 urte dauzka eta hiru anaietan zaharrena da (Julen eta Mikel dira beste biak). Ingeniaritza Elektrikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean (Tecnun) eta masterra egin zuen Energia Berriztagarri eta Ingurumenean Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan". Elkarrizketa Antxon Etxeberriak sinatu du El Diario Vasco-n.

Antxon Etxeberria / Zarautz, Gipuzkoa. Masterra amaitu eta Eos Project Management (Grupo EOSOL) enpresan hasi zen lanean. Nafarroako enpresa honek Iruñean du egoitza, eta ingeniaritza eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen ditu Energia Berriztagarriko proiektuetan, hauek sortzeko unetik (parke fotovoltaikoak, eolikoak...) ebakuazio  egitura elektrikoetara (lineak eta azpiestazioak). Mexiko Hirian bizi da gaur egun.

– Noiz eta nola atera zitzaizun Mexikon lan egiteko aukera?

– Bi urte neramatzan Iruñeko bulegoan lanean eta 2017. urtearen amaieran enpresak Mexikora joatea eskaini zidan bertan Ingeniaritza Saila irekitzera. Ordura arte Mexikoko proiektuak Iruñetik lantzen genituen, eta helburua bulego tekniko bat irekitzea zen, bezero horiengandik gertuago egoteko eta ordu tarte berean lan egiteko, hau oso garrantzitsua baita proiektuen jarraipena egunez egun egin ahal izateko. "Mexiko" aipatzen dizutenean hasieran beldurtu egiten zaitu pixkat; Euskal Herrian entzuten diren albisteak normalean ez dira oso onak izaten, baina ondo pentsatu eta ez nuen zalantzarik izan, eta 2018. urtearen hasieran bertaratu nintzen. Hasiera ez zen erraza izan, 25 urterekin bertan jarri eta ni baino zaharragoak diren eta esperientzia handiagoa duten pertsonak kontratatzen eta kudeatzen hastea kosta egiten da, baina gaur egun bulego teknikoan hogeita hamar ingeniari baino gehiago gaude eta Latinoamerikako proiektu guztiak eramaten ditugu, Txiletik Mexikoraino, eta gauzak aski ongi atera dira. Gainera, honek herrialde berrietara bidaiatzeko aukera ematen dit. Duela gutxi Kolonbian izan nintzen, oso esperientzia aberasgarriak dira.

"Mexiko hiria beste mundu bat da Europako edozein hirirekin alderatuz"
20 MILIOI BIZTANLE

– Noiz arte duzu lan-kontratua Mexikon?

– Oraingoz ez daukat buruan etxera itzultzeko datarik. Kontratu mugagabe batekin egoteak eta nahi dudanean Iruñera itzultzeko aukera dudala jakiteak lasaitasun handia ematen dit erabakiak hartzeko orduan, presaka ibili behar izan gabe. Enpresa mailan hainbat erronka ditugu aurretik, eta horien parte izatea gustatuko litzaidake. Urtean bitan itzultzen naiz Zarautzera, abuztuan eta abenduan. Egia da gaur egungo teknologiarekin nire familiaren eta lagunen ia eguneroko berri dudala, baina ez da gauza bera aurrez aurre egotea. Une askotan inbidia pasatzen dut koadrilakoek egiten dituzten planak ikusita.

– Nolakoa da bertako bizitza, hemengoa ez bezalakoa? Zer egiten du gazte jendeak aisialdian?

– Mexiko Hiria beste mundu bat da Europako edozein hirirekin alderatuta. 20 milioi biztanle baino gehiago dira, Espainia osoaren erdia. Hiria kaotikoa da, eta distantziak izugarriak dira; zure egunerokotasuna asko aldatzen da bizi zaren, lan egiten duzun eta planak egiten dituzun zonaldearen arabera. Ni, zorionez, oinez joan naiteke lanera, baina lankideak ditut bulegora iristeko hiru ordu behar dituztenak eta beste hiru bueltatzeko; hona etorri aurretik inoiz pentsatuko ez nukeen zerbait da. Bizi eta lan egiten dudan auzoak Polanco du izena, hiriko gunerik kosmopolitena eta seguruenetakoa da, jatetxez, dendaz eta merkataritza gunez beteta dago... Ramón nire lankidearekin, gasteiztarra bera, partekatzen dut pisua. Aste barruan lan egiten dut, eta ez dut askoz gehiago egiten, baina asteburuetan lagunak elkartu eta plan desberdinak egiten ditugu.

– Ba al dago euskaldunik han?

– Euskal Herriko jende asko bizi da Mexikon. Asko Eusko Jaurlaritzaren bekekin etorri dira, eta lanean geratu dira. Koadrila ona dugu, denak gara adin eta gustu berdintsukoak, horrek asko laguntzen du planak edo bidaiak edo jaiak-eta antolatzeko orduan. Askotan joaten gara Euskal Etxera. Danborrada, Gazte Eguna... bezalako ekitaldiak antolatu ohi dituzte, eta hemen inguruan gauden euskaldun guztiak elkartzen gara. Gainera, bi frontoi ditu, eta beraz noizean behin palan jokatzera joaten gara.

– Izan al duzu Mexikon mugitzeko eta bertako leku ederrak ezagutzeko aukerarik?

– Bai. Mexikon dauden barne hegaldiak merkeak dira eta turismo aniztasun oso handia duen herrialdea da. Hondartzak dauzkazu, mendiak, arkeologia guneak, aintzirak, zenoteak... Aukera bakoitza ihesaldi bat egiteko baliatzen dugu. Mexiko barruan nire joateko leku gustukoena Puerto Escondido da, Zarautz gogorarazten didan zerbait dauka. Ateratzea eta beste herrialde batzuk ezagutzea ere gustatzen zaigu. AEBetan, Kuban, Brasilen, Perun, Costa Rican... ibili gara.

"Ez dago oso argi Mexikoren jarrera; badirudi presidenteak garrantzia kentzen diola gaiari"
KORONABIRUSA

– Zer diozu klimaz? Eta janariaz?

– Bi urtaro ditugu, garai lehorra eta euri-garaia. Euri-garaian, zaparrada ederra botatzen du ia arratsaldero. Ona dena da tenperatura nahiko konstantea dela urte osoan, batzuei ez zaie gustatzen, baina nik nahiago dut beti tenperatura ona egitea. Janariari dagokionez, normalena takoak dira, mexikarren oinarrizko elikagaia da, eta beti saltsa biziren batekin. Kaleko postuak jendez beteta egoten dira beti, berdin dio ordua zein den. Oso tipikoak dira baiota ere pozolea, tamalak, guacamolea, quesadillak, chilaquileak... dena dago ona, baina egiari zor ez naiz ere oso fan-a, egun jakin batzuetan bakarrik. Supermerkatuetan Zarauzko edozein dendatan egiten den erosketa bera egin dezakezu, zentzu horretan Mexiko Hiria ez da inolako arazoa.

– Futbolean jokatzen zenuen Zarautzen. Kirolen bat egiten duzu?

– Bai. Astegunetan Futbol 7ko txapelketa bat jokatzen dugu, partida bat da astean. Astean hiru egunetan entrenatzera ohituta, eta ondoren asteburuan partida, gogo handiz hartzen dugu partida. Euskal selekzioaren ekipazioarekin jokatu dugu, beno, Mexikoren ekipazioa da, baina Euskal Herriko armarriarekin, aldaketa 'txiki' bat egin genion.

– Nola bizitzen ari dira Mexikon koronabirusak sortutako osasun-alarma?

– Euskaditik iristen diren albisteen eguneroko berri daukagu. Gaur egun koronabirusaren gaia ez dago han bezain hedatua edo hori aditzera ematen dute behintzat hemengo agintariek, baina horrek guztiak adierazten du laster antzeko egoeran egongo garela. Ez dago oso argi Mexikok hartu duen jarrera; inguruko gainerako herrialdeek mugak itxi dituzte, neurri garrantzitsuak hartu dituzte... eta hemen badirudi presidenteak garrantzia kendu diola. Nire ezagun batzuk etxera itzuli dira, nik itxaron egingo dut nola eboluzionatzen duen ikusi arte.

– Zer da Zarauztik gehien faltan botatzen duzuna?

– Gauza asko botatzen dira faltan: familia, lagunak... Nire izaeragatik, Zarautzen daukagun bizi-kalitatea zaila da gainditzen. Amorru gehien ematen didan gauzetako bat aitarekin eta amarekin ezin joatea nire anaia Julenen partidak ikustera, futbolean jokatzen baitu Zornotzan Bigarren B Mailan. Eskerrak plataforma bat dagoela haiek online segitu ahal izateko, baina ez da gauza bera.

– Mexikon jarraitzeko asmoa duzu edo etxera itzultzekoa?

– Oraingoz Mexikon jarraitu nahi dut. Ikus dezagun nola eboluzionatzen duen sektoreak eta ekonomiak oro har, baina lehen esan dudan bezala, maila profesionalean erronkak ditut aurretik, eta horiek dira jarraitzeko motibatzen nautenak.

(2020-03-22an El Diario Vasco-n argitaratutako elkarrizketa)



Komentarioak

  • Aritz zarauztarra

    Aupa Aritz, zorionak ea elkar ezagutzen dugun !!!

    Miren Edurne (Mexiko Hiria, Mexiko), 2020/03/27 00:09

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia