euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Belako eta Liher: urrun zegoela zirudien birus batek atzerriko tourrak zapuztu eta bertan behera uzten dituenean

2020/03/23

Lore, Josu, Lander eta Cris, Belako osatzen duten lau kideak, New Yorkeko gozotegi batean (arg Belako / DV)
Lore, Josu, Lander eta Cris, Belako osatzen duten lau kideak, New Yorkeko gozotegi batean (arg Belako / DV)

PUBLIZITATEA

Belakok kontzertu bakarra eskaini zuen AEBn eman behar zituenen artean, eta Liherrek seitik lau Suitzan eta Alemanian. Covid-19k sortutako egoerak jende askoren bizitza eta planak ukitu ditu. Belako eta Liher taldeetako musikariak ezustean harrapatu ditu Estatu Batuetan eta Europan hurrenez hurren egiten ari ziren biretan. Eurak behintzat aukera izan dute garaiz itzuli eta EHan etxeratzeko. Juan G. Andres eurekin mintzatu eta erreportajea eman du argitara El Diario Vascon, guk datozen lerroetan euskaratua.

Juan G. Andres. Kantzelatzea, bertan behera uztea, geroratzea, dirua itzultzea... Hitz errepikatuenak dira egunotan musikarien eta beste hainbat artisten hiztegian. Covid-19k guztiz itxi ditu mundu erdiko agertokiak, eta milaka taldek etenda daukate beren jarduna. Belako eta Liher bezalako batzuek nazioarteko birak ere abortatu behar izan dituzte, horrek dakartzan eragozpen eta kalte ekonomiko guztiekin. Honakoa bezalako une ilunetan, irtenbide bat baino ez dute ikusten: "egokitzea" eta ekaitzetik ahal eta ongien ateratzen saiatzea.

"Nahaste ederra"

Belakoren kasua bereziki mingotsa izan da, AEBetan antolatutako bederatzi kontzertuetatik bakarra eskaini ahal izan baitzuten, New Yorken, ondoren hilaren 14an,  larunbata, etxera itzuli aurretik. "Trumpek hegaldien debekua iragarri zuenean iritsi ginen eta guztia zalantzan jartzen hasi zen. Emanaldiak bertan behera geratzen hasi ziren, eta harrapatuta ikusi genuen geure burua, etxera itzuli ahal izango ginen ere ez genekiela; beraz, aukera ikusi genuenean, txartela aldatu, itzulera aurreratu eta etxeratu ginen", dio Lander Zalakain bateria jotzaile tolosarrak, Mungiako laukoteko gipuzkoar bakarrak.

Esaldiak

Lander Zalakain, Belako
"Jotzeko gogo itzela daukagu, eta debekualdia kentzen denean, ez gaitu inork geldiaraziko"

Lide Hernando, Liher
"Espero dut jendeak kontzertuetara joateko gogoari eustea honako egoera hau amaitzen denean"

Etxeorratzen Hirian zeuzkaten hitzorduez gain, Texasko Austin hiriko South By Southwest-era ere itzultzekoak ziren, "munduko nazioarteko musika azokarik handienera". Bira estatubatuarra, maiatzaren 8an kaleratuko duten 'Plastic Drama' diskoaren aurkezpen ofiziala izatekoa zen. Data horren aurretik zortzi kontzertu eskaini behar zituzten baita ere Espainiako beste hainbeste hiritan, baina horiek ere bertan behera utzi behar izan dituzte.

"Nahastea ederra da oso", ohartarazten du Zalakainek, izan ere Belakoko lau kideak autonomoak dira eta taldeak sortzen dituen diru sarreretatik bizi dira. "Dirutza polita utzi dugu hegaldietan eta hoteletan, eta kontzertu horiek guztiak datozen hilabeteetako gure soldata behar zuten izan, bolada batez agertokietatik urrunduta egon ostean. Orain ez dakigu autonomo gisa baja eman edo gobernuak kuota kendu arte itxaron, eutsi ahal izateko ", diosku, jakitun "badela jendea egunean bizi dena eta egoera are okerragoa duena". "Guk pixkat gehiago eutsi diezaiokegu", gaineratzen du.

Orain "egokitzea" baizik eta diskoaren merkaturatzea birbideratzea besterik ez zaie geratzen; 'Tie Me Up' singlea eta honen azala erakutsi dituzte dagoeneko. Duela egun batzuk solasaldi birtual bat izan zuten, bakoitza bere etxetik, jarraitzaileekin, eta ostiralero kantu berri bat aurreratuko dute. "Gogo handia dugu jendeak entzun ditzan", aitortzen du bateriak, agertokiratzeko "monoa" ezkutatzen ez duela: "Ezinegonak jota gaude, baina arduratsu jokatu eta birusari aurre egiteko tenorea da hau".

"Kolpe derra izan da, zuloa handia izango da, baina aurrera egingo dugu. Jotzeko gogo itzela daukagu, eta debekualdia kentzen denean, ez gaitu inork geldiaraziko. Gure asmoa ahalik eta gerra gehien ematea da", dio Zalakainek, begirada –eta itxaropena– maiatzetik aurrera baieztatutako zenbait kontzertutan jarrita, horietako batzuk Erresuma Batuan, Brighton, Mallorca, Malaga, Gasteiz, Reading, Leeds, Madril...

"Kaskarreko galanta"

Liherren kasua antzekoa da, nahiz eta Europan egin berria duten biran donostiarrek Suitzan eta Alemanian aurreikusitako sei emanaldietatik lau behintzat eskaini ahal izan dituzten. "Astelehenean itzuli behar genuen, 16an, baina bi egun aurreratu genuen itzulera, gertatzen ari zena ikusita", azaltzen du Lide Hernandok. Duela bi aste bere hirugarren diskoa 'Hemen herensugeak daude' izenpean plazaratu zuen taldearen esperientzia, "oso mailakatua" izan omen da, izan ere, etxetik atera zirenean koronabirusa "ia txantxa bat zen" eta egunak aurrera joan ahala "dena okertzen joan da".

Ekonomikoki, "kaskarreko galanta" izan dela dio; izan ere, taldearen aurrezkiak diskoan inbertitu ondoren, "itxaropenak Europako kontzertuetan jarriak" zeuzkaten eta, "batez ere, itzuli osteko hiru hitzordu indartsuetan", horietako bat Donostiako Dabadaban joan den ostiralean. Seguruenik emanaldi hauek bertan behera utzi behar izanak esan nahiko du ez dutela funts nahikorik izango estatuko beste leku batzuetara, hala nola Zaragoza edo Bartzelonara, biran iristeko; beraz, hilabete "nahiko hutsak" aurreikusten dituzte.

Belakok ez bezala, Liherreko kideek musikaz aparteko lanak dituzte eta horrek aukera emango die bestelako sarreraren bat izaten jarraitzeko. Dena den, egoerak patrika astindu eta dirua jartzera behartuko ditu, orain arte diskoen, sarreren eta merchandising-aren salmentatik soilik elikatu den proiektu honetan. Eta etxean sartuta geratu behar izan duten beste hainbat musikarik bezala, entseguetarako erabili ohi duten lokaleko nagusiarekin negoziatzen saiatzen ari dira, erabili ezin duten lekuaren errenta kobra ez diezaieten.

Hala ere, Hernandezek eurenak "kalte txikiak" direla uste du, bere managerrarenen, Ayuken Management & Productions-eko Markosenen alboan (Liher, Cobra eta Grises bezalako euskal taldeak kudeatzen ditu), talde hauek guztiak diskoa kaleratu berria edo berehala kaleratzekotan baitira. "Ez dizkiote soilik bere artisten kontzertuak bertan behera utzi, ezeztatu egin dizkiote baita ere Fuel Fandango edo La Mala Rodriguez bezalako jendearen ekoizpen tekniko oso handiak. Emozionalki bera okerrago dago, autonomo eta enpresa txiki asko bezalaxe, baina orain aurrera ateratzea tokatzen da. Honek iraungo du, baina ez da betiko izango. Espero dut jendeak kontzertuetara joateko gogoari eustea honako egoera hau amaitzen denean", baitetsi du.

Gauzak horrela, etxean baino lehen Europan diskoa aurkeztu ostean, rockero donostiarrak ez dira ausartzen euskal lurretan lehenengo kontzertua noiz emango duten iragartzera. "Ez dago batere argi, apirilean eta maiatzean bat baino gehiago genituen, bertan behera utzi nahi ez ditugunak, baina, deskuidatzen bazara, gauzak nola doazen ikusita, lehenbizikoa ekainaren 20an Gasteizen egingo den Azkena Rock Festivalekoa izan daiteke", aitortzen du, Liherrek 2020an izango duen data seinalatu hori aipatuz, ahaztu gabe La Polla Recordsekin batera arituko diren taldeen artean ere daudela, talde arabarrak irailaren 26an Lasarteko Hipodromoan eskainiko duten azken agurrean.

(2020-03-22an El Diario Vasco-n argitaratua)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia