euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Villa Mercedes herriak eta Gipuzkoako Ordiziak adiskidantza hitzarmen bat sinatu dute

2007/04/28

Hector Javier Darnay (Villa Mercedeseko ordezkari), Alejandra Iturrioz (Ordiziako alkatea) eta Roberto Gonzalez (Villa Mercedeseko ordezkari) hitzarmena sinatzen
Hector Javier Darnay (Villa Mercedeseko ordezkari), Alejandra Iturrioz (Ordiziako alkatea) eta Roberto Gonzalez (Villa Mercedeseko ordezkari) hitzarmena sinatzen

PUBLIZITATEA

Argentinako Villa Mercedes hiriko ordezkaritza bat Euskal Herrian dabil aste honetan, lurraldea bisitatu eta lankidetza eta adiskidantza hitzarmenak sinatzeko Ordiziako Udalarekin. Bisitaldiaren oinarria Villa Mercedeseko Euskal Etxea dago, honen bitartez Ordiziako Santa Ana Korala eta Txistulari Banda Argentinan izan baitziren iaz. Orain argentinarrek bisita bueltatu dute eta bi herrien arteko harremanak sakondu eta Ordiziako hezkuntza, industria eta kultura hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute.
Villa Mercedeseko ordezkaritza bat Ordiziara heldua da aste honetan, Santa Ana Korala eta Txistulari Bandak anfitrioi hartuta. Joan den asteko ostiralean heldu ziren argentinarrak, San Luis probintzia argentinarreko udalerri hartako agintariak eta Julio Esnaola, bertako Euskal Etxeko lehendakaria buru. Egun hauetan bisitariek Ordizia eta Goierriko lan heziketa zentroak, Mondragon Unibertsitatea, bertako enpresak eta Ordiziako Azoka ezaguna ikusi ahal izan dituzte, besteak beste. 'Interes handiarekin hartu dituzte hemen udaletxeek eta inguruetako enpresek kultura edo hezkuntza arloetan garatzen dugun parte hartzea...', adierazi dio BasqueHeritage.com-i Alejandra Iturrioz, Ordiziako alkateak.

Atzo bertan Villa Mercedes eta Ordiziako agintariek adiskidetza eta lankidetza hitzarmenak sinatu zituzten, bi herrien arteko harremanak sakontzeko xedez. 'Kontaktua Euskal Etxearekin dugu nagusiki, eta beraien bidez Villa Mercedesekin', adierazi du Iturriozek. 'Gure aldetik Ordizia eta euskal kultura hobeto ezagutu ahal izan dezaten egingo dugu ahalegina. Luzatu diguten bisitaldian hainbat ekimenen inguruko informazioa emango diegu, adibidez kooperatibena edo lan hezkuntza programena, horiekiko interesa agertu baitute'.

[Goiko irudian Villa Mercedes eta Ordiziako ordezkaritzak atzo Ordizian, adiskidantza hitzarmenak sinatu ostean]

Argentinara bidaia iaz

Atzo sinatutako hitzarmenen atzean Villa Mercedeseko Euskal Etxeak egindako lana dago. Iaz, herri argentinarraren 150 urteurrena eta euskal etxearen egoitza berriaren inaugurazio zela-eta Ordiziako Santa Ana Korala eta Txistulari Bandari bertara bidaiatzeko gonbitea luzatu zien. Ideiaren bultzatzaile nagusietako bat Julio Esnaola, euskal etxeko lehendakaria izan zen. Esnaolak Ordizian ditu sustraiak eta harremana mantentzen du. Bidaia 'esperientzia sinestezina' izan zen, koruko zuzendari Inma Goibururen esanetan.

Bidaia hartan parte hartu zutenen artean Ordiziako alkatea, Alejandra Iturrioz, eta Jesus Mari Lariz Kultura zinegotzia ere egon ziren. 'Esperientzia oso bizia izan zen', gogoratzen du Iturriozek, 'Buenos Aireseko lehen kontzertutik hasita. Ikusleetako batzuk abestiak ezagutzen zituzten, txikitan Euskal Herrian abestu zituztelako edo gurasoei entzunda. Korala eta bandako batzuk, gainera, euren Argentinako familia kideak aurkitu zituzten'. Buenos Aireseko estreinaldiaren ondotik taldea Mendozara joan zen eta oso ondo hartu zituzten hango euskal etxean. Bukatzeko Villa Mercedesen zenbait emanaldi egin zituzten eta bertako agintariekin biltzeko aukera izan zuten.


Lotura interesgarriak

Villa Mercedeseko Euskal Etxea
www.vascosvillamercedes.com.ar

Euskal ordezkaritza bat Villa Mercedesen 150. urteurrenean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 13an

Egun handia Villa Mercedesen, euskal gonbidatuekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia