euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: harrera paregabea egin diote ‘Bizi gira... kutxa bira!’-ri Viedma eta Patagonesen; orain, jauzia EHraino!

2021/03/25

'Bizi gira... Kutxa Bira...' Diasporatik Euskal Herrira
'Bizi gira... Kutxa Bira...' Diasporatik Euskal Herrira

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Patagonia Argentinarrean hasi du bere ibilbidea Euskal Herriko Iparra-Hegoa elkarteak sortutako ‘Bizi gira... kutxa bira!’ ekimenak. 25 urte betetzen ditu aurten Carmen de Patagones eta Viedma hirietako euskal gizataldeak batzen dituen bertako Aberri Etxea EEak eta bi eguneko ospakizuna antolatu zuen joan den asteburuan egurrezko ‘Kutxa’ri behar bezalako harrera emateko, bi hiriotan proposamen artistikoak eskainiz komunitateari, tartean musika, dantzak eta poesia. Informazio gehiago, hemen.


[Larunbatean, harrera 'Kutxa'ri Rio Negro ibaiaren alde batean, Carmen de Patagonesen]

Larunbat goizean, zeremonia Carmen de Patagoneseko Luis Piedra Buena Parkean egin zen. Euskal Etxeko sortzaile eta kide “Negrita” Borja Andiak eraman zuen ‘Kutxa’ parkeraino, EEko Abestu Beti abesbatzako Matias Gorostiaga eta Liliana Vasquez lagun. Ongi etorri hitzetan, eskualdean euskal jatorriko jendeak eta euskarak daukaten garrantzia nabarmendu zuen Rocio Basterra del Vall Iturria Euskal Etxeko lehendakariak.

Carmen de Patagoneseko Udalak ere maila goreneko ordezkariekin hartu zuen parte ekitaldian, bertan egon baitziren Julio Constantino Udal Batzordeko presidentea, Adriana Llambay Gobernu Zuzendaria eta Vicente Paredes Kultur Zuzendaria.

Amets Arzalluzen Hitza da gure Lurra poemaren lehenengo zatia irakurri ondoren, eta “komunitatekin dagoen integrazioa adierazteko” dantza argentinarrak eta euskal dantzak aurkeztu zituzten antolatzaileek. Euskal dantzei dagokienez, ekitaldirako propio prestatutako koreografia bat estreinatu zuen Euskal Etxeko Lagun Onak dantza taldeak. Zeremoniari amaiera emateko, Euskal Herriari eskainitako agiantza, gurari eta esperantzak paperetan idatzi eta 'Kutxa'n sartu zituzten bertaratutakoek.

Ekitaldia bukatuta, ‘Kutxa’ Argentinako Ontzi Prefeturako mollara eraman zuten, eta bertatik ibaia zeharkatu zuen, Viedmara iristeko. Gogoan hartu ibaiaren alde hau eta Carmen de Patagones hiria Buenos Aires probintzian dagoela, eta ibaiaren beste aldea eta Viedmako hiria, Rio Negro probintzian, baina biek Euskal Etxe bakarra daukatela, aurten bere 25. urteurrena ospatzen ari den Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea izenekoa. Viedman, Euskal Etxeko txikienek egin zioten harrera, eta horixe adierazten du segidako bideoak:


['Rio Negro' zeharkatuz, Viedmara iritsi zen ‘Kutxa’ eta EEko neska-mutilak errezibitu zuten]

Igandeko jarduerak Viedmako del Fundador Plazan egin ziren. Bertaraino, Aberri Etxeko sortzaile eta kide den Miguel Angel Basterrak eraman zuen ‘Kutxa’ eta ongi etorri hitzak Maria del Carmen Elzaurdia EEko lehendakariordearen ardura izan ziren. Pedro Pesatti Viedmako alkatea ere zuzendu zitzaien bildutakoei.


[Igandeko ekitaldia Viedman]

Programaren bigarren egun honetan, Arzalluzen poemaren bigarren zatia irakurri zuten eta Abestu Beti-k bi kanta eskaini zizkion publikoari: Rio Negrori zuzendutako ereserkia eta ‘Siyahamba’ abestia. ‘Siyahamba’ zulueraz, gaztelaniaz eta euskaraz kantatu zuten, Aberri Etxearen baitan sortutako bertsio batean. Bukatzeko, tango bat dantzatu zuen bertako bikote batek eta mezu gehiago sartu zituzten ‘Kutxa’ren barruan.

“Ekitaldia arrakastatsua izan da oso, eta balio handikoa bi hirietako udalen eta euskal kolektibitatearen arteko lotura sendoen adierazgarri”, baieztatu diote EuskalKultura.eus-i Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea Euskal Etxeko arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia