euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kutxa batek EHn eta Diasporan bidaiatuko du euskaldunen gurari, asmo, ilusioak bilduz: egin bat ‘Bizi gira... kutxa bira!’rekin

2021/02/26

'Bizi gira... Kutxa Bira...' Viedma eta Patagonesko Aberri Etxe EEaren 25. urteurrena ospatzeko programaren baitan kokatuko da
'Bizi gira... Kutxa Bira...' Viedma eta Patagonesko Aberri Etxe EEaren 25. urteurrena ospatzeko programaren baitan kokatuko da

PUBLIZITATEA

Segura, Gipuzkoa. Ipar eta Hego Euskal Herriko kultura ahaleginak biltzen dituen Iparra-Hegoa elkarteak sortu du ‘Bizi gira... kutxa bira!’ ekimena. Urtebete aurrez-aurreko jarduerarik gabe eman ondoren, eta harremantzeko aukerak murriztuta, Korrika eta ikastolen festak-eta egin ezinik, egoera gainditu nahi izan dute. “Jendea ezin da mugitu baina kutxa bat bai”, pentsatuta, egurrezko kutxa bat sortu dute, herriz herri ibiliko dena. Herritarrek bideoak, EHarekiko eta euskararekiko gurari, asmo eta xedeak adierazten dituzten mezu eta aldarrikapenak sartuko dituzte bertan. Bere ibileran kutxak Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra testua eramango du, Euskal Herri osoari zuzendua, pasatzen den herri guztietan irakurriko dena.

Nola hartuko du parte Diasporak ekimenean? EuskalKultura.eus-ekin hizketan, Iparra-Hegoa Elkarteko Pello Aranzabal Beitiak azaldu du kutxa datorren aste hasieran iritsiko dela Argentinara, Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxera, hain zuzen. eta bertan hasiko dela Kutxa Bira, martxoaren 20an egingo den ekitaldi batekin. Viedmatik Euskal Herrira itzuliko da eta ibilbide osoa Euskal Herrian barrena egin ondoren maiatzaren 30ean bukatuko da Ipar-Hegoaren egoitza den Gipuzkoako Seguran.


[Viedman prest kutxa jasotzeko. EEko lehendakari Rocio Basterra eta dantzari eta euskara ikasle Imanol Basterra]


[Hauxe da EH eta Diaspora ibiliko dituen kutxa]


[Kutxak baitaratuko duen Amets Arzallus bertsolariaren mezua]

“Guretzat garrantzi handia du Diasporak parte hartzea Kutxa Biran", azaldtzen du Aranzabalek. "Kontua da zaila dela kutxa toki ezberdinetara helaraztea; horregatik eta Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxeko Rocio Basterrarekin dugun hartuemanagatik, Viedman hastea aukera ona dela pentsatu genuen. Aberri Etxeak diaspora osoa ordezkatuta. Baina gainerako euskal etxe guziei ere zabaldu nahi diegu aukera, kutxa beren ekarpenez ere betetzeko”.

“Horregatik deia propio luzatu nahi diegu: martxoaren 20tik apirilaren 8a bitartean bideo labur bat grabatu eta bidal diezaguten, bertan kanta, dantza, agur bat edo nahi duten mezua bilduta, beren amets eta ilusioak partekatuz. Guk mezu horiek guztiak jaso eta kutxan sartuko ditugu”.

Bideoak laburra izan behar du, euskaraz, eta gaztelerazko azpitituluak eduki. Hona behar da igorri: emailez, kutxabira@betxepare.eus helbidera, edo whatsappez +33 685379899 telefonora.

Kutxa igande honetan abiatuko da Argentinara. Azken bi hilabeteotan Lazkaoko Maizpide barnetegian ikasle aritu diren ikasle-irakasle argentinarrek eramango dute.


[Iparra Hegoa Elkarteko kideak Maizpiden dauden Diasporako irakasleekin bildu ziren]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia