Córdoba, Argentina. Arantxa Iturbe (Alegia, Gipuzkoa, 1964) euskal idazle eta irrati-esatari ezagunaren bi ipuin hartuko ditu hizpide, euren gaztelaniazko bertsioetan, datorren larunbatean (abuztuak 22) Argentinako Córdobako Gerora Euskal Kultura Elkartea-ren Irakurketa Klubaren saio berriak. Diasporako ekimen irakurzale honek euskal idazleen gaztelaniara itzulitako obrak hautatu eta komentatzea proposatzen tu, saioetako askotan egilea ere partaide eta solaskide dela. Hitzordua presentziala da, batzuetan idazlea online sartzen bada ere. Saioa amaitzeko, bertaratutakoek euskal gastronomiari lotutako mokadu bat partekatzen dute.
Oraingoan hautatutako ipuinak "Pañuelo gorria lepoan" (El pañuelo rojo, gaztelaniazko bertsioan) eta "Maria eta Jose" (María y José) dira. Gerorako Elba Mocoroak bultzatu eta hasitako ekimena da izen osoa "Euskal ipuin eta zaporeen Irakurketa Kluba" duen hau ("Club de lectura de cuentos y sabores vascos"). Publiko orori dago zabalik eta irakurtzea maite duten zale guztiei zuzentzen zaie, hautatutako obrak euskal autoreenak izanik. Abuztuko topaketa datorren larunbatean, hilaren 22an egingo da, 18:00etan, CPC Gral. Paz-en, Cnel. Juan P. Pringles 420 helbidean.
Hitzorduaren aurretik obrak irakurrita izana gomendatzen da. Izen-ematea hemen egin daiteke. Formularioa bete ostean ateratzen den loturan, saioan komentagai hartuko diren testuen pdf-etarako loturak ematen dira.
Eta gogoratu! Artikuluan aipatutako ekimena interesgarria iruditzen bazaizu, zergatik ez planteatu zure euskal etxean egitea...

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


