euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amaya Beristain: "Urriaren 19an izango da Las Vegas-eko euskal jaia, hona etortzeko sasoirik onenean”

2014/09/29

Giro ederrean ospatu zuten piknika iaz Lagun Onak-eko kideek (Argazkia: LOBC)
Giro ederrean ospatu zuten piknika iaz Lagun Onak-eko kideek (Argazkia: LOBC)

PUBLIZITATEA

Urriaren 19an, igandean, ospatuko dute Lagun Onak Euskal Etxeko kideek udazkeneko piknika. “Euskal etxe txikia da geurea eta piknika ere umila da, baina itzel pasatzen dugu”, esan dio Beristain-ek, Nevadako klub honetako zuzendariak, Euskalkultura.com-i. Spring Mountain Ranch State Park-en batuko dira kide eta lagunak, hiriko makina txanponjaleen zaratatik apur bat urrundu eta arnas hartzeko paregabeko lekuan.

Las Vegas, AEB. Duela 31 urte sortu zuten Euskal etxe hau baina, arazo ekonomikoak direla medio, zenbait urte egon izan dira udazkeneko piknika ospatu barik. “Jai handixeagoa izan ohi genuen baina diru asko behar genuen horretarako eta gelditzea erabaki genuen”, esan du Beristainek. “Beraz, urte batzuetan antolatu gabe egon ostean berriz ere martxan jartzea pentsatu genuen. Euskal Etxe txikia da geurea eta piknika ere umila da, baina itzel pasatzen dugu”.

Euskal Etxeko presidentea den Jose Mari Beristain zesta-punta jokalari erretiratuaren alaba da Amaya, jaialdiko antolatzailea. “Leku ederra da Spring Mountain State Park, barbakoa egiteko aproposa, mahaiekin, eta umeek ere jolas dezaten larre berdeekin. Gainera, urria hona etortzeko hilerik onena da, lehenago bero gehiegi egiten duelako. Bakoitzak edateko eta postrean jateko zerbait ekarriko du eta Jabi eta Goiko arituko dira sukaldari”.

Jesus Goiko Goikoetxea eta Jabier Jabi Yarza izango dira menua prestatuko dutenak: entsalada, txorizoa, saiheskiak eta paella. Jose Mari Beristainek berak erosten du txorizoa AEBtako mendebaldean, antolatzaileak azaldu duen legez. Chinoko dantza taldeak ikuskizun bi eskainiko ditu: jan aurretik eta jan ostean, hain zuzen. Mus partidek erabakiko dute noiz bukatuko den uda osteko ospakizun hau.

Eguerdian hasi eta arratsaldeko 17:00ak aldera arte egongo diren 80 lagun inguru espero ditu Beristainek. 20 dolar pagatu beharko ditu pertsona bakoitzak eta 5 dolar 12 urte beherako umeek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia