euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ainhoa Arteta soprano tolosarrak platinozko diskoa jaso du New Yorken 'La Vida' lanagatik

2009/01/26

Ainhoa Arteta kantari tolosarra
Ainhoa Arteta kantari tolosarra

PUBLIZITATEA

New Yorkeko neguaren hotzak ez zuen Ainhoa Arteta sopranoaren zirrara epeldu, ezta gutxiago ere. Esker onez eta hunkituta, Artetak 'La vida' diskoarengatik platinozko diskoa jaso zuen Cervantes Institutuaren egoitzan, Eduardo Lago erakundeko zuzendariaren eskutik. Soprano donostiarrak azaldu zuenez Vale diskoetxea (Universal Music konpainiaren parte) bost urte ibili zen bere atzetik lan hau egiteko konbentzitu nahian, eta, emaitzak ikusirik, ez du damu baietz esan izana.

KF/New York, AEB. “La Vida’ diskoa egitea inoiz gertatu izan zaidan gauzarik ederrenetakoa izan da, egitea erabaki nuenez geroztik poza baino ez dit ekarri eta', esan zuen sopranoak ekitaldian, alboan New Yorkeko lagun minak zituela. Euren artean bere irakaslea zegoen. 'Zu gabe, ez nintzen gaur hemen egongo', esan zion Artetak hunkituta.

Hamazazpi urtez bizi izan da Ainhoa Arteta New Yorken eta hiria berarentzat 'bigarren etxea' bezala dela azaldu zuen. Radio Euskadiri egin zizkion adierazpenetan bere karrera lirikoa alboratzeko asmorik ez duela argitu zuen, baina ziurrenik disko honek jarraipena izango zuela iragarri zuen. 'Hau keinu bat da, baina ziurrenik beste keinu bat izango da aurreraxeago, proiektu hau oso arrakastatsua izan delako, eta ez soilik salmenten aldetik'.

200.000 ale salduta

Izan ere Artetaren agenda ia-ia beteta dago datozen bost urtetarako, eta hori dela eta ezin izan du  dagoeneko 200.000 ale saldu dituen diskoaren aurkezpen kontzertu bat bere ere eman.

Hala ere, bihartik aurrera sopranoak estatu espainiarreko hainbat hiriburutan dozena bat kontzertu berezi eskainiko ditu.  Artetak disko honetako kantuak abestuko ditu, lanaren ekoizle musikala izan den Javier Limónek lagunduta eta diskoan parte hartu zuen jazz latindar orkestrarekin. 'Oso eroso sentitu naiz Javierrekin', azaldu zion Artetak euskal irratiari.

Amari eskainia

Soprano gipuzkoarrak nahigabe bat du eta bere amak disko honen arrakastaz ezin gozatu izana da. Diskoa bere amari eskainia da. 'Diskoa grabatu eta plazaratu zenean ama ez zegoen gure artean jada eta nire ustez oso pozik egongo litzatzeke, bertan agertzen diren bolero guztiak berak beti kantatzen zituenak direlako, eta ziur nago asko disfrutatuko lukeela disko hau; disfrutatzen ari da, ziur'.

“La vida” diskoan besteak beste "Tears in Heaven" (Eric Clapton), "La Vida" (Silvio Rodríguez), "Michelle" (Beatles); "Ne me quitte pas" (Jacques Brel) edo "Love Me Tender" (Elvis Presley) bezalako kantuak biltzen dira. Beste arrakasta ezagunen artean Frank Sinatra, Ella Fitzgerald, Nat King Cole edo Pedro Infante kantarien lanak ere daude bertan. Pierre Bordazarre musikagile eta bertsolari zuberoarraren "Goizian argi hastian" kantak ere lekua du diskoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia