euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da EuskarAbentura, Mauletik Getxora 110 gazte euskaldun EH zeharkatzen, tartean Diasporako bi

2018/07/02

PUBLIZITATEA

Igandean, uztailaren 1ean, Maulen bildu, eta biharamunean abiatu dira xiberotar hiriburutik EuskarAbentura espedizioa osatzen duten 16-17 urteko 110 gazteak, gehi laguntzaile diren 30 helduak, 140 lagun orotara. EH osoko partaideak dira, bi Diasporakoak: Argentinako Imanol Basterra eta AEBetako Unai Fraeters. 

Maule, Zuberoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, urduritasuna eta ilusioa partekatutako sentimentuak ziren bildutakoen artean. Igande eguerdialdean batu ziren abenturakideak Maule-Lextarren. ​Xiberoko ekhiak gogotik berotzen zuen giroa. ​Heldu bezain pronto hamarreko taldeetan banatu ziren, bakoitza bere xerparekin (begiralearekin) antolakuntza errazte aldera. Lehenengo bazkarian sortutako zaborra behar den moduan sailkatu eta pisatu zen, izan ere, espedizioak sortutako zabor kantitatea neurtzeko asmoa dago. Bazkalosteko solasaldian egitasmoaren nondik norakoak azaldu ziren: elkartea, lantaldea, helburuak, plangintza, ibilbidea, babesleak…

Elkar ezagutzeko dinamikekin izotza apurtzen hasita, espediziojo kamiseten banaketak kolore berdintasuna erantsi zion taldeari, laranja bizia gazteen artean, eta urdin argia helduentzat. Arratsaldean herriko plazarako bidea hartu zuen espedizioak, herritarren harridurarako; irribarreak eta agurrak nonahi.

Bideko lehenengo urratsak

Astelehenean, goizeko 8:30ean ekin zaio lehen etapari: 21,2 km, +700 metroko desnibelarekin. Andurain gaztelua atzean utzita, Ühaitzandi ibaiak zehaztzen du hastapenean ilbilbidea. Aurrera egin ahala bidean ez galtzeko Muskildi herriko Popol Bosq eta Onizepeako Francoise Camus bidelagun bilakatu ziren.

Jutsira iristean espedizioko jarraipideei segitu zitzaien, Donibane-Garazirako bidean; eta asteazkenean, uztailaren 4an, Pirinioak zeharkatuz Nafarroa aldera iritsiko da espedizioa, Done Jakue bidea jarraituz Orreagaraino.

Datu orokorrak

EuskarAbentura espedizioa uztailaren 31ra arte luzatuko da eta Getxon (Bizkaia) bukatuko da oinez 483 kilometro --orotara 783 km-- eta dozenaka bidelagun egin ondoren, eta milaka esperientzia jaso eta gero. Euskal Herriko eta Diasporako hamaika txokotako 16-17 urte bitarteko 110 gazte dauzka taldeak. Gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriak (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarretik gazte bana etorri dira eta Diasporatik bi.. Gazteen %65 neskak dira, guztira 72 neska eta 38 mutil​. Parte hartzeko proiektu bat egin behar izan zuten, eta lan onenen egileek dohainik ari dira parte hartzen espedizioan.

EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik gabeko elkarteak sortutako ekimena da. Euskal Herriko txoko desberdinetako 10 gaztek osatzen dute elkartea eta ia hiru urte eman dituzte egitasmoari forma ematen, borondatez.

Espedizioa aurrera ateratzeko, erakunde desberdinen laguntza ezinbestekoa izan da: Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Akitania Berria, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, BBK, Euskaraldia, Euskaltel, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Jaso Fundazioa… besteak beste. Ikusi guztiak, hemen.

-EuskarAbenturaren webgunea: https://euskarabentura.eus
-Facebook: https://www.facebook.com/EuskarAbentura
-Twitter: https://twitter.com/euskarAbentura
-Instagram: https://www.instagram.com/euskarabentura



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia